Harri proba eta Emarri ezagutarazteko ate irekien jardunaldiak egingo dituzte hilaren 17an Astigarragan, eta 24an Oiartzungo Karrika auzoan.
Indarrez hasi du Emarri Astigarraga, Oiartzun eta Lezoko herri proba taldeak urte berria. Egitasmo asko dituzte esku artean, lehiari dagozkionak, eta harri probaren kirola ezagutarazteari dagozkionak. Azken horren harira, hilaren 17an (larunbat honetan) Astigarragako Goiko plazan, eta 24an Oiartzungo Karrika auzoko probalekuan (bi kasuetan 10:30ean), kirol hori barrutik ezagutzeko ateak irekiko dizkiete hala nahi dutenei, “aukera ederra, beraz, giza probak barru-barrutik ezagutzeko”.
Emarrik kirol horretara ahalik eta jende gehien gerturatzea nahi du, kirola ezagutzearekin batera aurreiritziak alboratzeko, “aditu baitugu behin baino gehiagotan erokeria, astakeria, harrikada… dela”. Eta gerturatzeko eskatu diete bai gizonei zein emakumeei, “batek daki, agian beste giza proba talde bat sortuko da datozen bi asteburuetan!”.
Bai hilaren 17ko zein 24ko ate irekien jardunaldietan, “goiz ederra pasatzeko aukera” izateaz gain, hamaiketakoa izango dute bertara agertuko direnek. Eta agertzerik ez dutenek, astean zehar badute aukera entrenamenduren batera joateko eta giza proba zer den ezagutzeko. Horretarako eskaera
Emarriren posta elektronikora bidali behar da.
Lehenengo plaza, igandean, Itziarren
Larunbatean ate irekiak Astigarragan, eta igandean, lehiara. Itziarren egingo dute 2015eko lehen plaza Emarriko kirolariek, 12:30ean hasita: Zeaniko Andra Proba taldea izango dute aurrez aurre.
Izan ere, iaz 18 plaza egin zituzten orotarra Astigarraga, Oiartzun eta Lezoko kirolariak biltzen dituen taldekoek, eta aurten kopuru hori gainditzeko asmoa dute, “iaz oso gustura aritu ginen herriz herriko jardunean, direla erakustaldiak, apustuak edo desafioak. Iazko balorazio positiboak eraman gaitu aurten ere harriaren jardunean aritzera ilusioz, gogoz eta pozez”.