66 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du gaur goizean Paez Ogasun delegatuak udaletxean egindako ez ohiko plenoan. PPren eta EAJren udal taldeek egindako zuzenketak onartuta aurrera atera dute 2015 ekitaldirako aurrekontua; EH Bilduk aurkako botoa eman du.
PPren eta EAJren botoekin aurrera atera du PSEk udal aurrekontua
Irungo Udalak 66 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2015 ekitaldian. Hala erabaki dute gaur goizean deitutako ez ohiko udalbatzarrean PSEren, PPren eta EAJren udal taldeek aurrekontuen proiektuari aldeko botoa emanda. EH Bilduk hala ere, ez du begi onez ikusi 2015 urterako prestatutako aurrekontua eta aurka agertu da. EBren hautetsi bakarra ez da udalbatzan izan.
Miguel Angel Paez Ogasun delegatuak aurkeztu du Irungo Udalbatzaren aurrean aurrekontu proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen gaitasun ekonomikoa “handitzeko ahaleginik egin ez duela” deitoratu du delegatuak. Hala eta guztiz ere, udalak “aurrezkiak” dituela, ez duela “krediturik eskatzeko beharrik” eta “zorrak behera egin duela”, esan du arduradunak.
Hala, 2015 ekitaldirako prestatutako aurrekontua “gizartean eta familiengan” oinarritua dagoela iritzi dio Paezek, “babesik gabe dauden umeei eta pertsonei zuzenduta”. Halaber, krisi ekonomikoak zigortutako eraikuntzaren sektorearen aldeko inbertsioak “mantendu” dituztela erantsi du.
Haatik, krisi ekonomikoak eragindako ondorioak apaltzeko administrazio publiko guztien inplikazioa beharrezkotzat jo du Ogasun delegatuak.
Mitxelena EH Bildu udal taldearen bozeramailea
Osoko zuzenketa, ezerezean
Aurrekontu proiektuaren nondik norakoak azaldu ondotik, EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketa eztabaidatu dute lehenbizi hautetsiek. Oinatz Mitxelena koalizioko bozeramailea harrituta agertu da lehenik eta behin PSEren jarrerarekin: “30 urteren ondoren, lehen aldiz prozesu parte hartzaile bat garatu da Irunen, eta lehen aldiz aurrekontua euskaraz aurkeztu duzue; 30 urteren ondoren”.
Haren aburuz, proposamenak ez die “herritarren beharrei erantzuten”. Langabezia, gizarte bazterketa, krisi ekonomikoa, energia berriztagarriak edota elikagai subiranotasuna hizpide izan ditu besteak beste Mitxelenak, eta aurkeztutako proiektua “PSEren interesei” erantzuten diela leporatu dio Paezi.
Hori horrela, “aldaketarako borondaterik ez dagoela” esan dio agintariari eta aurrekontuak herriarenak ez direla esatea “zilegi” dela gaineratu du. “Guzti horregatik aurrekontua atzera botatzeko” eskaera luzatu du EH Bilduk.
Paez Ogasun delegatua
Paezek bere aldetik, EH Bilduren aurka egin du eta koalizioak gobernatutako udalerrietan “pasibotasuna” antzematen dela egotzi dio hautetsiari. Zentzu horretan, gipuzkoarrak “inoiz baino gehiago kalera ateratzea” lortu duela EH Bilduk egotzi dio Paezek hautetsiari, baita “enpresa txikiak eta ertainak itotzea” ere. Gainera, lurraldearen “aberastasuna” eta enpresarien “inbertsioak” galtzea leporatu dio koalizioari. Halaber, Irungo “irudi txarra” saltzen dutela esan du Paezek alardeari erreferentzia eginez.
Mitxelenak eta Jokin Melida koalizioko hautetsiek hainbat adierazpen “gezurtzat” jo ondoren, eta euren argudioen defentsa eginda, Paezek izan du azken hitza, “Gipuzkoa bezala, Irun uniforme bat” nahi dutela esanda.
Hala, udal talde guztiak osoko zuzenketaren aurka agertu dira eta soilik EH Bilduk bozkatu du horren alde.
Iridoy jeltzaleen bozeramailea
Gainontzeko ekarpenak
PPren eta EAJren udal taldeak hasieratik agerian utzi dute euren zuzenketa partzialak aurrekontuetan isla izango zutela eta proiektuak bi udal alderdien aldeko botoa jasoko zuela. Hala, EAJk aurkeztutako hiru proiektuak barneratu ditu Ogasun delegatuak, hala nola: Mondragon Unibertsitatea-Irun Berrikuntza Faktoria proiekturako 100.000 euro; Behe Bidasoko hiru udalerriak bidegorri bidez eta oinez lotzeko proiektuari ekiteko 100.000 euro; eta Harrobieta eta Dario de Regoyos kaleen arteko lursailean 50 autoentzako aparkalekua sortzeko 300.000 euro eta horrekin batera, 2016ko aurrekontuetan Artiga auzoa atontzeko eta aparkaleku arazoak konpontzeko konpromisoa ere hitzartu dute EAJk eta PSEk.
Popularren udal taldeak bere aldetik, aurkeztutako 22 zuzenketetatik 21 txertatu ditu Ogasun delegatuak aurrekontuetan. Azkena hala ere, EAJk Artigarako eskatutakoa zen eta beraz, bertan behera gelditu da.
De Bengoetxea popularren bozeramailea
Hala ere, PPren udal taldeak aurkeztutako emendakin ugarik ez dute ekarpen ekonomikorik behar. Hala besteak beste, adostutakoa ondokoa izan da: Amaia KZrako proiektore berria, zebrabideak margotzea, ondare historikoaren aldeko zenbait esku-hartze, babes zibileko kideentzako auto berria…
EH Bilduren udal taldeak herriko saltokiak sustatzeko zuzenketa aurkeztu duen arren, ez du aldeko botorik jaso eta gainontzekoen kontrako botoekin atzera bota dute.