Iparra galdu gabe
Urtez urte teknologia eraldatzen ari da. Sakelako telefonoak, telebistak, musika aparatuak, ordenagailuak, etxetresna elektrikoak… Kasik gure bizitzako arlo guztietan erabiltzen dugu teknologia eta abaila ikaragarrian ari dira tresnak garatzen; azkarregi, akaso.
Berrikuntza hauek ikastetxeetara ere ailegatu dira dagoeneko. Eta, hezkuntzan gauza gehienekin gertatzen den moduan, eztabaidak sortu dira bai irakasleen eta baita gurasoen artean ere. Ez da harritzekoa, hezkuntza bezain gai garrantzitsuak beharrezkoak ditu eztabaidak, hausnarketak eta birformulazioak. Eztabaidarik ez egotea litzateke larria.
Zein eragin izango dute teknologia berriek ikasgeletan? Ongi erabiltzen baditugu ona, eta gaizki erabiltzen baditugu txarra (bizitza honetan ia dena bezala). Zer erabili, zertarako erabili eta nola erabili da aurrez adostu beharko genukeena. Dagoeneko ikasgela batzuetan badaude arbel digitalak, ordenagailuak, Internet, proiektoreak, plataforma birtualak. Baliabideak badaude, baina horrekin ez da nahikoa. Tresna hauek zentzuz erabili behar dira, oinarri jakin batzuekin, helburu jakin batzuetarako. Gaia curriculumean txertatua ez badago jai dugu, ez dugu emaitza onik lortuko. Irakasle batzuk ere kexu dira, eurentzat arrotzak diren tresnekin egin behar baitute lan. Ulertzekoa da kezka. Baliabideek, hortaz, ez dute zentzurik curriculumean txertatzen ez baditugu eta irakasleei formazioa eskaintzen ez badiegu.
Gaur egungo gazteak @ generaziokoak dira, eta nire ustez eskolek eta irakasleek egunean egon behar dute. Zergatik? Ikasleak euren ikasketa prozesuan motibatzeko. Motibaziorik ez badago ez dago ikasterik. Honekin ez dut esan nahi ikasle bakoitzari ordenagailu bat eman behar diogunik eta lan guztia horrela bideratu behar dugunik. Ez larritu. Baliabide berri hauek aukera ugari eskaintzen dizkigute: ikus-entzunezko tresnak, euskarri interaktiboagoak, iturri eta mota ugariko testuak, taldean lan egiteko aukera, ikasleek euren auto-ebaluaketan modu aktiboan parte hartzeko aukera… Baliabideak tresnak dira. Orain arte ere egiten genituen halako gauzak (bideoak ikusi, abestiak entzun, taldean lan egin…) eta orain, tresna hauekin, errazagoa eta eraginkorragoa izan liteke ikasketa prozesua. Honek guztiak, berriro diot, ez du zentzurik aurre-hausnarketa eta aurre-formaziorik gabe.
Eta, non gelditzen dira baliabide tradizionalak?, galdetuko duzue askok. Dena ordenagailuz egin behar al dugu? Liburuak desagertu egingo al dira? Boligrafoarekin idaztea ahaztu egingo al zaigu? Liburutegiak museo bilakatuko al dira? Gauzak ez dira desagertuko, eraldatu egingo dira. Oreka aurkitzea da kontua. Dauzkagun baliabideak arduraz eta orekaz erabiltzen baditugu, gauza bakoitzetik onena baliatzen badugu, ez gara bidetik aterako. Igo gaitezen teknologia berriaren trenera, baina iparra galdu gabe, horretan trebeak baikara batzuetan.