Aurrekontua urtea amaitu aurretik aurrera ateratzeko asmoz ez ohiko udalbatzarrera deitu du tokiko gobernuak hilaren 30ean. Paezen arabera, "pertsonengan eta gizarte politikan ardaztutako zirriborroa" aurkeztu du udalak; EH Bilduren udal taldeak zenbait aldaketa proposamen aurkeztu ditu dagoeneko. Aurten lehen aldiz "%100ean elebitan" aurkeztuko dela aurrekontua erantsi du ordezkariak.

Aurrekontua erabakitzeko ez ohiko udalbatzarra deitu dute hilaren 30ean
2015eko Irungo Aurrekontu Orokorraren aurreproiektua plazaratu du Irungo Udalak Miguel Angel Paez Sustapen Ekonomikorako eta Ogasun delegatuaren bidez. “Pertsonengan eta gizarte politikan ardaztutako zirriborroa” dela adierazi zuen Paezek iragan astean. Orain, udal talde guztiekin elkarrizketa txandak egingo ditu delegatuak aurreproiektuaren inguruan negoziatzeko. EH Bilduk dagoeneko zenbait proposamen egin ditu. Abenduaren 30erako deitutako ez ohiko udalbatzarrean aurkeztuko du Paezek aurrekontua eta lehen aldiz “%100ean elebitan” diseinatuko dela erantsi zuen ordezkariak.
66 milioi eurotik gorako aurrekontua prestatu du Irungo PSEren udal gobernuak 2015 ekitaldira begira. 66.245.460 eurokoa da zehazki aurrekontu hori, nahiz eta finkatutako aurrekontua 71.709.480 eurokoa den. Zertxobait handitu da beraz aurrekontua iazkoarekin alderatuta; izan ere, 2014rako hasieran aurreikusitako aurrekontua 64.306.454 eurokoa izan zen, Paezek zabaldu zuenez.

Paez Sustapen Ekonomikorako zinegotzia
Hori horrela, “pertsonen arretan, dinamizazio ekonomikoan eta herritarren iritziaren entzute aktiboan eta parte hartzean oinarritutako hiri proiektu bat islatzen duten kontuak dira”, delegatuaren arabera.
Inbertsioak, sei milioi euro
Paezek komunikabideen aurrean aurkeztutako aurreproiektuaren arabera, sei milioi eurotik gora inbertsioetara bideratu nahi ditu udalak, hala nola: “Palmera-Monteroko zentro zibikora (1.650.00 euro); Txenpereneako partzelara (909.262 euro); Urdanibia plaza berriz ere urbanizatzera (669.000 euro); edo Carlos Blanco Aginaga liburutegi berria bukatzera (700.000 euro)”.
Horrez gain, lehen aldiz Irunen 1,5 milioi euroko diru kontu saila txertatuko du udalak aurrekontu orokorrean herritarren parte hartzea bermatze aldera, batez ere, aurrekontuen iniziatibara bideratuta.
Aste honetan gainontzeko udal taldeek elkarrizketa eta negoziazio txandak abiatuko dituela adierazi zuen Paezek agerraldian. Etzira arte aurkeztu ahal izango dituzte zuzenketak gainontzeko udal taldeek.
EH Bilduren proposamenak
Oinatz Mitxelena EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak agerraldia burutu zuen iragan astean, aurrekontu aurreproiektuaren inguruko balorazioa eta ekarpenak egiteko helburuarekin. Koalizioko kidearen arabera, aurkeztutako proiektua “PSEren interesei erantzuten die”.

Oinatz Mitxelena Irungo Bilduren bozeramailea
Ildo horretan, “Irungo herritarrek bizi dugun errealitateari begira, eta bizi dugun egoeratik ateratzeko” diseinatu beharko litzateke aurrekontua, eta “PSEren proiektuak ez die bi faktore hauei erantzuten”.
Hori horrela, “gaur egun dagoen indar korrelazioa” medio ezinezkotzat jotzen du Mitxelenak aurrekontua “goitik behera” aldatu ahal izatea, baina “proposamen hauekin herritarren beharrei eta egoera hau iraultzeko helburuak betetzetik gertuaago egon gaitezkeela uste dugu”.
Hala, 11 proposamen helarazi dizkio koalizioak PSEri. Paezek bere aldetik, “proposamenak gureak balira bezala” aztertuko dituela ziurtatu du, “bai talde horrek –EH Bilduk– egindakoak bai beste taldeek aurkezten dituztenak ere”. Hala eta guztiz ere, “umiltasuna” galdegin dio Pazek Mitxelenari.
Atxikitako dokumentuan ikus daitezke koalizio abertzaleak egindako ekarpenak.
2015 aurrekontuetarako eskaerak