Inauterietako kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du udalak
2015eko urtarrilaren 12ra bitartean aurkeztu ahal izango dira lan ezberdinak; irabazleak 600 euro eskuratuko ditu. Halaber, Inauterietako desfilean parte hartu nahi duten konpartsek izena eman dezakete dagoeneko.
Irungo Udaleko Kultura arloko Belen Sierra zinegotziak jakitera eman duenez, Inauterietako kartela aukeratzeko lehiaketa zabaldu dute dagoeneko. 2015eko urtarrilaren 12ko 14:00ak arte aurkez daitezke lanak udal gobernuaren Kultura arloan (Ospitale Zaharra). Irabazleak 600 euro eskuratuko ditu.
Adierazitakoaren arabera, lan guztiak formatu bertikalean aurkeztu beharko dira, 70×50 zentimetroko neurriekin eta erakusgai jartzea ahalbidetzen duen euskarri batekin. Era berean Irungo Inauteriak 2015 Carnavales de Irun Otsailak 12-17 febrero testua izan beharko dute lan guztiek.
Konpartsak
Inauterietako desfilean parte hartu nahi duten konpartsek dagoeneko izena eman dezaketela ere adierazi du gaurkoan Irungo Udalak. Urtarrilaren 16ra bitartean zabalik egongo da izen emate epea. HAZ bulegora jo beharko dute interesatuek.
Halaber, parte hartzen duten konpartsa guztien artean 19.900 euroko diru laguntza aurreikusi dutela esan dute.