Legeak justiziatik urruntzen gaitu
Ilun dago. Goizeko 07:15eko iluntasuna. Kotxe bat burreria-tik irteten ari da. Atzeraka, aparkaleku horretan sartzen diren kotxe ia guztiak irteten diren moduan.
Amona bat, 87 urteko amona, goizean goiz egitea maite duen paseotik bueltan doa etxera, makilaren laguntzaz. Elkarri bizkar emanda doaz biak Merkatuzahar aurrean. Horrek ez du hura ikusi, eta hark ez du hori ikusi. Amonak, gainera, ezin du kotxea entzun.
Bat-batean soinu bat. Amona lurrean dago, atzetik kolpatu duen kotxearen ondoan. Gidaria kotxetik atera da. Ez da ezertaz ohartu amona lurrean ikusi duen arte. Ezusteko galanta! Altxatzen lagundu dio. Odol arrasto bat ikus dakioke amonari buruan. Topoa galtzeko beldurrez ezin diela lagundu esan dien mutila badoa. Gidariak hurbil dagoen banku bateraino lagundu du amona. Lasaitzen saiatzen ari da. Telefonoa eskuan laguntza eskatu du.
Berehala bertaratu dira udaltzain bikote bat eta anbulantzia haien atzetik. Paper festa hasi da. Galderena ere bai. Laster utzi diote joaten gidariari, lanera berandu ez iristeko, antza. Anbulantzian eraman dute amona, ospitalera. Hemen goitik ikusita ez dirudi zauri larririk duenik, baina kolpe txarrenak agerian ez daudenak izaten omen dira. Udaltzainek ere alde egin dute beren autoan.
Eguna argitzen ari da, eta kaleak eguneroko tankera hartzen ari dira, pixkanaka: langile gehiago lanerako bidean, erosketak egitera doan jendea, eskolara doazen neska-mutilak… Gutxik imajinatuko du pixka bat lehenago hantxe bertan gertatutakoa. Itzaltzeko tenorea iritsi zaigu. Kalea egunak argitzeko txanda da.
Piztu gaituzte, berriro. Egunaren atzetik badator gaur ere gaua. Mikelazulo gainean alde banatan kokatu gintuzten laguna eta biok, gure argitasun laranjaz Goiko kalearen hasiera eta Pablo Iglesias kalerainoko bidea argitzeko eginbehar ezinezkoan. Berriro, argia baino ilunago dago kalea.
Jende gehiena erretiratu da jadanik nor bere etxera. Goizeko gidaria, kotxez amonatxoa jo duen berbera, ikusi dut. Ohi baino beranduago dator lanetik etxera. Amona lurrean ikusi dueneko harridura aurpegia du orain ere. Paper zuri bat dakar eskuan. Hemen goitik ozta-ozta ikus dezaket han jartzen duena. Errenteriako Udala letra beltz lodiz eta haren ondoan Udaltzaingoa-Policia local zigilua. Boligrafo tinta urdinez auto baten matrikula, norbaiten izen-abizenak eta helbidea… Salaketa orri bat da, isuna.
Paperean begiratu du beste behin, ezin sinetsirik, akaso. Orduan ikusi dut garbi nik neuk ere zer jartzen duen salatutako ekintza deitutako karratuan: «Circular sin la diligencia y precaución necesarias para evitar todo daño propio o ajeno». Goraxeago ikus dezaket kalifikazioa: «Leve». Isunaren zenbatekoa, 80 euro eta murriztua, aldiz, 40 euro. Guztia espainol perfektuan, dena esate aldera.
Ufa! Ustezko beharrezko arreta eta kontu gabe gidatzearen ondorioa amona bat harrapatzea izan da. Zergatik iruditu zaio isuna idatzi duen udaltzainari ondorio hori «leve» dela? Ez dirudi konbentzimendu handiarekin ipini duenik isuna, benetan pentsatu badu utzikeriz harrapatu duela amona zigor handiagoa mereziko zuen…
Bestalde, nolatan jakin ote du udaltzainak zenbaterainokoa zen gidariaren arreta istripua gertatu denean gidaria, amona, eta hemen goian hormara iltzaturik gauden laguna eta biok soilik bageunden? Eta zin bekigu guri ez digutela ezer galdetu, eta guk ez dugula ezer esan. Kotxe batek jotako amona ikusi dugu lurrean. Zegokion legez laguntza eskaini duen gidaria ikusi dugu. Eta lekuz kanpo samar ez ote dagoen isuna ere ikusi dugu.
«Lagunei nik nahi dudana, eta besteei legea!», esan beharko dugu beste behin. Zein okerrak eta aldrebestuak egin dituzten legearen bideak, justiziatik gero eta gehiago urruntzeko bideak.
Betirako itzali eta gehiago ez ikusteko gogoa sentitzen dut batzuetan. Ez ikusi eta ez ikusten uztekoa. Ilunak diren jokabide legalak ilunpean hobe egongo direlakoan.