2003an eta 2004an jaiotako ikasleei zuzenduta dago abenduaren 29tik 31ra bitartean antolatutako eskubaloi campusa. Berdintasuna, Hizkuntza, Hezkuntza eta Kirol gaiak jorratuko dituzte parte hartzaileek. EAE mailako deialdia da eta denera, 50 mutilentzako eta 50 neskentzako lekua dago.
Euro Euskal Kanpusaren aurkezpena
Jose Angel Sodupe Bidasoa Kirol Klubaren zuzendaria, Aritz Sodupe harrobiko arduradunak eta Pedro Alegre Irungo Udalaren Kirol delegatuak Bidasoa Kirol Klubak antolatutako Gabonetako Euro Euskal Kanpusaren berri eman dute gaur goizean Artalekun egindako agerraldian. Klubeko presidenteak azaldutakoaren arabera, “eskolarekin lortutako arrakasta eta gero, eskubaloia sustatzen jarraitu nahi dugu eskualdean. Hori dela eta, I. Gabonetako Kanpusa aurkeztu nahi dugu”.
Aritz Sodupek adierazi duenez, “urte osoa eman dugu campusa prestatzen”. Izan ere, iazko Gabonetan lehen aldiz martxan jarri nahi izan zuten eta azkenean, datekin arazoak izan zirela eta, bertan behera gelditu zen proiektua.
Nondik norakoak
Aurtengoan dena antolatzea lortu dute Bidasoakoek. Proiektu “erakargarria” dela iritzi dio Sodupek eta hark zehaztutakoaren arabera, “Euskal kanpusa Euskal Autonomi Erkidego osora zabalik dago, eta 2003an eta 2004an jaiotako neskak eta mutilak parte har dezakete, kimu mailakoak alegia”. 100 lagunentzako lekua dagoela campusean ere esan du arduradunak, “50 mutil eta 50 neska”.
Izen emate epea gaur zabaldu du klubak. Hala ere, iragan astean klubeko kideentzat ireki zutela azaldu du Sodupek, “eta hainbat plaza hartu dituzte dagoeneko”. Plazak erreserbatzen joan ahala bukatzen joango direla eta zozketarik ez dela izango argitu du: “Justuagoa iruditzen zaigu”.
Lau oinarri finkatu dituzte hiru egun horietara begira, hala nola: Berdintasuna, Hizkuntza, Hezkuntza eta Kirola. “Ez dira soilik eskola praktikoak izango, formazioa ere emango da. Dietista bat eta fisioterapeuta bat izango dira adibidez, eta droga prebentzioa eta birziklapena bezalako gaiak ere jorratuko ditugu”.
Hala, campusean parte hartzen duten umeak Juan Sebastian Elkano aterpetxean ostatu hartuko dute. Eskola praktikoak Artalekun emango dituzte eta gainontzekoak, aterpetxearen balio anitzeko aretoan. Prezioa guztira, 90 eurokoa izango da, dena barne. Izena emateko interesa duten lagunek klubaren bulegoetan (Artaleku kiroldegian), 943625285 telefono zenbakian edo
e-posta bidez egin dezakete.