3.745 herritarrek parte hartu dute prozesuan eta denera, 12.912 boto jaso dira. Gazte aurrekontuei dagokienez, 16 eta 30 urte arteko 67 lagunek parte hartu dute eta egindako ekarpenen artean 7 dira aurrera eramango direnak. Denera, milioi eta erdi eurorekin zer egin erabaki dute irundarrek.
Santanok eman du emaitzen berri
Bukaerara iritsi da Irungo Udalak bultzatutako parte hartze aurrekontuen iniziatiba. Atzo itxi zuten botoa emateko epea eta emaitzen berri eman du gaurkoan Jose Antonio Santano alkateak. “Tankera honetako prozesu bat martxan jartzen genuen lehen aldia izan da, eta jendearen erantzuna oso ona izan dela konprobatu ahal izan dugu”, adierazi du alkateak agerraldian.
Ia 1,3 milioi euro, 1.299.300 euro zehazki, 18 ekarpen gauzatzera bideratuko ditu udal gobernuak parte hartze aurrekontuen bidez. Horrez gain, beste 200.000 euro gehiago gazteek egindako 7 proposamenetara zuzenduko dira. Alkateak esandakoaren arabera, zinegotzi bat eta udal teknikari bat arduradun izendatuko ditu prozesua bukaerara “ondo” iristen dela ziurtatzeko.
Hala, 3.745 irundarrek parte hartu dute aurrekontuen aferan era orokorrean. Behobiatik Oxinbiribilera bitarteko bidegorriaren proposamenak boto gehien jaso duen arren, Eusko Jaurlaritzaren 2015 Aurrekontu Orokorrean mozio gisa sartuko duela PSEk jakitera eman du alkateak, EAJrekin izandako negoziazioen ondorioz. Horrez gain, Belaskoenea ikastetxeko patioa estaltzeko ekarpena ere azken kreditu modifikazioan sartu dela eta, parte hartze aurrekontuetatik at utzi dute.
Ildo horretan, gehien bozkatutako hiru proposamenak ondokoak izan dira: Eguzkitza ikastetxearen patioaren zati bat estaltzea (250.000 euro eta 1.523 boto); Behobiako eskola zenaren patioa estaltzea (350.000 euro eta 760 boto); eta, Irungo parkeak xakea, dominoa eta antzeko aisialdirako jarduerak garatu ahal izateko materialarekin hornitzea (50.000 euro eta 734 boto). Proposamen guztiak ezagutzeko udalaren
web atarian –lotura soilik gazteleraz– sar daitezke interesatuak.
Gazteen aurrekontuak
16 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako parte hartze aurrekontuak ere abiatu zituen udal gobernuak iniziatibaren barruan. 200.000 euro zertara bideratu erabaki ahal zuten gazte irundarrak eta era horretan, denera milioi eta erdirekin zer egin erabaki ahal zuten herritarrak.
67 gaztek parte hartu dute denera iniziatiban eta 355 boto jaso dira. 7 dira bertatik eratortzen diren ekarpenak guztira. Horien artean gehien bozkatutakoak ondokoak izan dira: Irungo gazte ekintzaileei zuzendutako laguntza ekonomikoak eta azpiegiturak (30.000 euro eta 50 boto); gazteek autogestionatutako gune bat, kulturari bideratua (30.000 euro eta 34 boto); eta altzariak jasotzeko, eraldatzeko eta saltzeko gunea, gizarte bazterketa arriskuan dauden langabeentzat (40.000 euro eta 33 boto). Ekarpen guztiak
bertan –lotura gazteleraz– ikus daitezke.