TAO eta Pio XIIko lurrazpiko aparkalekua kudeatzeko lehiaketa abiatzea onartu du Irungo Udalbatzak. Uranzu kaleko espaloia zabaltzea, eta Panpinea eta Belaskoenea inguruan aparkalekuak egokitzea ere aurreikusi du udalak kreditu modifikazioaren bitartez. Horrez gain, Gizarte Ongizateko Aholku Kontseilua "irekitzea" ere onartu du udalbatzak.
Azaroko udalbatzarra
Asteazkenean bildu zen Irungo Udalbatza azaroari zegokion osoko bilkura egiteko. Hainbat erabaki hartu zituzten hautetsiek bilkuran; tartean, Trafiko eta Aparkalekuaren Ordenazioaren (TAO) eta Pio XII lurrazpiko aparkalekuaren kudeaketa batera esleitzeko lehiaketa, kreditu modifikazioa eta Gizarte Ongizateko Aholku Kontseiluaren arautegia aldatzea.
Lehenaren bitartez, TAOren “zenbait guneen berrantolaketa” aurreikusi du udalak. Hori horrela, Cristina Laborda Mugikortasun delegatuak aurkeztu zuen TAO eta PIO XIIko aparkalekuen zerbitzuak batera esleitzeko baldintza plegua. Horren barruan, TAO Pio XIItik Belaskoeneako eremu garaiera hedatuko du udal gobernuak; Beraunetik Santiagora; San Juanetik Uranzura; gune berria sortu Dunboan; eta “expres” guneak zabaltzeko aukera martxan jartzeko aukera ere abiatzen duela esan zuen delegatuak.
Hori horrela, Oinatz Mitxelenea EH Bilduren bozeramaileak “kudeaketa zuzena” egiteko eskaria egin zuen. Zentzu berean mintzatu zen EB udal alderdiko Manuel Millan hautetsia “zerbitzu guztiak azpikontratatzearen” aurka zeudela argudiatuta.
EAJren udal taldeko Xabier Iridoy bozeramaileak parkimetro berrien aldeko zuzenketa aurkeztu zuen. Horren arabera, autoa ordaindutako denbora igaro aurretik mugituz gero, zenbatekoaren parte proportzionala itzuliko luke parkimetroak. Juana de Bengoetxea PPko bozeramaileak “interesgarritzat” jo zuen EAJren proposamena eta aztertzeko eskaria luzatu zion Mugikortasun delegatuari.
Horiek horrela, azkenean zerbitzuak kudeatzeko lehiaketa abiatzea onartu zuen udalbatzak, EH Bilduren eta EBren aurkako botoekin.
Azaroko udalbatzarra
Kreditu modifikazioa
Hamaikagarren kreditu modifikazioa onartu zuen Irungo Udalbatzak asteazkenean. Horren bitartez, Uranzu kaleko espaloia zabaltzeko eta ondorioz galdutako aparkalekuak Panpinea inguruan egokitzeko 300.000 euroko partida onartu zuen plenoak. Horrekin batera, Belaskoenean kokatutako San Antonio de Padua parkearen ondoko lursail batean aparkaleku eskaintza osatzeko beste 38.000 euroko partida ere baietsi zuten hautetsiek.
EH Bildu eta EB ez ziren ados agertu proposamenarekin. Koalizioaren arabera, “ez zaio ari erantzunik ematen ekonomiari, enpleguari eta parte hartzeari” eta beraz kontrako botoa emango zutela adierazi zuten; bigarrenaren kasuan, “gauza garrantzitsuak” falta zirela argudiatu zuen Millanek, baina hala ere, abstenitu egingo zela adierazi zuen.
Aipatutakoaz gain, jangela sozialaren pertsianen aldaketa, zaharren egoitzetarako altzariak, sukaldeak eta komunak… hobetuko dituztela zehaztu zuen Miguel Angel Paez Ogasun delegatu eta alkateordeak.
Gainontzeko udal talde guztiak aldeko botoa eman zioten proposamenari.
Organo zabalagoa
Gizarte Ongizateko Aholku Kontseiluaren Arautegiaren aldaketa onartu zuen aho batez udalbatzak. Maite Cruzado arloko delegatuak azaldutakoaren arabera, orain dela hamar urte aholku kontseilua eratu zenean hasieratik onartutako kideek “titular” gisa parte hartzen zuten eta gerora gehitutako elkarte eta eragileak aldiz, “gonbidatu” bezala. Horrek zenbait desberdintasun sortzen zituelako hausnarketa egin zuten eta aldaketa bultzatzea erabaki zuten. Hori horrela, aholku kontseiluan parte hartzen dutenak baldintza eta eskubide berberekin egingo dute hemendik aurrera.