Parte hartze aurrekontuen 14. puntuari emandako trataerak hautsak harrotu ditu Landetxan
Bertako bizilagun elkarteak 14. puntua "manipulatu" egin zutela salatu zuen asteazkenean eta horren ondorioz, ostegunean, alkatearen deia jaso zutela jakinarazi dute. Hala ere, atzerapenak "modu negatiboan" eragin duela eta, proposamena 2015eko Aurrekontu Orokorrean sartzeko eskaria egin diote udalari.
Arretxe-Ugaldeko kirol gunea baliabide egokiz hornitu eta estaltzeko ideia lehiaketa ekarpenak jaso zuen boto gehien azaroaren 6an Katea-Landetxan egindako parte hartze aurrekontuen bilkuran. Proposamen horri emandako trataerak desadostasunak eragin ditu Irungo Udalaren eta Katea-Landetxa Auzo Elkartearen artean. Orain, udalaren “hanka sartzea” izan dela iritzita ekarpena 2015eko Irungo Aurrekontu Orokorrean sartzeko eskaria luzatu dio auzo elkarteak tokiko gobernuari.
Izan ere, elkartekideek azaldu dutenez, azaroaren 24an “proposamena manipulatuta zegoela” antzeman zuten eta beraz, hori zuzentzeko eskatu zieten udal gobernuaren teknikariei. “Erantzun egokia jaso ez genuenez” asteazkenean egoera publikoki salatzea hobetsi zuten auzotarrek.
Ostegunean bestalde, Jose Antonio Santanoren deia jaso zutela esan dute auzotarrek: “Auzo elkarteko arduradun bati deitu zion hasierako proposamena onartzen zela azalduz”. Hala ere, “aldaketa berandu” iritsi dela iritzi diote elkarteko arduradunek, “14. proposamenak jasandako aldaketengatik ez bozkatzea erabaki baikenuen”. Gainera, horren aurkako triptikoak banatu zituzten auzoan zehar.
Hori horrela, “udalaren hanka sartzeak” modu “negatiboan” eragin duela bozketan uste dute auzo elkartekoek, “parte hartzea atzeratzea eragin baitu”. Hori dela eta, Arretxe-Ugaldeko kirol gunea baliabide egokiz hornitu eta estaltzeko ideia lehiaketa egitasmoa 2015eko Irungo Aurrekontu Orokorrean barneratzeko eskaria helarazi diote Irungo Udal Gobernuari.
Alkatea udalbatzarrean: “Ez dugu ezeren berri”
Irungo Udalbatza asteazkenean elkartu zen azaroari zegokion udalbatzarrean. Gai zerrendan finkatutako puntuak amaitu ondotik, EH Bilduren udal taldeko Oinatz Mitxelena bozeramaileak Landetxan “benetan” zer gertatu zen argitzeko galdegin zion Jose Antonio Santano alkateari. Izan ere, Landetxa-Katea Auzo Elkarteak komunikabideen aurrean egindako salaketaz gain, udal talde politiko bakoitzari prentsa ohar bera bidali zien egoeraren berri izan zezaten.
Alkatearen hitzetan, “arazoren edota aldaketaren bat gertatu den ez dakigu, ez dugu ezeren berri”. Miguel Angel Paez alkateordea ere zentzu berean hitz egin zuen eta “ezer gertatu” ez zela baieztatu zuen.
Mitxelenak bere aldetik afera lehenbailehen argitzeko eskatu zien Irungo agintariei.