Urtero egin ohi bezala, Gabonetako kontzertua antolatu du aurten berriz ere Irungo Rotary Clubak abenduaren 14rako, Amaia KZn. Bildutako dirua Alzheimerra eta beste dementziak dituzten pertsonen Senitarteko eta Lagunen Gipuzkoako Elkartera bideratuko dute.

Gabonetako kontzertuaren aurkezpena
Rotary Clubeko Ramon Martinezek eta Jose Maria Fuertesek, Ametsa Elkarte Kulturaleko Xabier Txapartegik eta Fernando Etxeparek, Alzheimerra eta beste dementziak dituzten pertsonen Senitarteko eta Lagunen Gipuzkoako Elkarteko (Afagi) Koldo Aulestiak eta Irungo Udaleko Belen Sierra Kultura delegatuak Gabonetako Ezohiko Kontzertuaren berri eman dute gaur goizean, udaletxean egindako agerraldian.
Aurten berriz ere, musika eta elkartasuna uztartzea izango da Rotary Clubak antolatutako Gabonetako kontzertuaren xedea. Ildo horretan, iaz bezala emanaldiarekin bildutako dirua Afagi elkartera bideratuko du klubak.
Kontzertua abenduaren 14ean igandearekin egingo dute Amaia KZn, 19:00etan hasita. 90 minutuko iraupena izango du eta 15 euroan finkatu dute sarreren prezioa. Txartela eskuratzeko interesa duten lagunek Luis Marianoko Turismo Bulegoan, Ametsa Abesbatzan, Amadeusen, Rotaryn eta
interneten egin dezakete.