Joseba Azkarragak eta Teresa Todak parte hartuko dute Sareren Hondarribiko aurkezpenean
Bihar, ostirala, aurkeztuko dute Hondarribian Sare, 19:30ean Denda kaleko Kultur Etxean. "Ahalik eta jende anitzena inguratzea da helburua, argi utzita giza eskubideez ari garela", esan du Jone Eizmendi antolatzaile taldeko kideak.

Sarea ehundu nahi dute
Bihar aurkeztuko dute Hondarribiko Kultur Etxean euskal presoen eskubideen aldeko Sare egitura berria, 19:30ean. Zer den, helburuak zeintzuk diren eta lanean zertan ari diren azalduko dute. Herriko Sareko kide Jone Eizmendik nabarmendu duenez, “ahalik eta jende anitzena inguratzea da helburua, argi utzita giza eskubideez ari garela, giza eskubideak urratzen ari dira eta eskubide horiek denonak dira”.
Teresa Toda kazetaria eta Joseba Azkarraga Jusitizia sailburu izandakoa etorriko dira Hondarribira. Sareko egitura nazionaleko kideak dira biak, eta “Euskal Herrian zein atzerrian egiten ari diren lanaren berri emango dute”. Alfonso Sastrek idatzitako testu bat irakurriko dute ere eta hainbat ikus entzunezko proiektatuko dituzte. Galderak egiteko aukera izango dela esan dute antolatzaileek, zalantzak argitze aldera.
Alde Zaharrean izango da aurkezpena, Denda kaleko Kultur Etxeko areto nagusian. Aulki kopurua mugatua denez, komeni da garaiz joatea, lekua hartzeko.
Sareren aurkezpena dela eta, bihar ez dute errepresaliatuen aldeko kontzentraziorik egingo San Pedro kalean. Hori bai, hileroko azken afaria mantentzen dela jakinarazi dute. Olagarrora afaltzera joan nahi dutenek 727730106 telefono zenbakira deitu behar dute.