Hainbat arrazoiengatik kezka agertu du Bidasoaldeko Lagunak-ek
Arasoko harana Katea auzoko nekazaritza eta abeltzaintza eremua zen, egungo eta etorkizuneko industria lurren beharrak asetzeko eta lanpostu berriak sortzeko industria gune modura birkalifikatu zen arte. Bere garaian onartu zen birkalifikazio horrek, natura ikuspegitik balio handiko habitatak eta Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan agertzen diren animalia espezieak ostatatzen zituen balio ekologiko handiko gune baten galera suposatu zuen.
2001. urtean, eskualdeen garapen ekonomiko eta industriala sustatzeko beharrezkoak diren lur industrialak kudeatzen dituen Sprilur enpresak, Irungo Udalarekin hitzarmen bat sinatu zuen Arasoko eremuan industrien kokapenerako pabilioiak merkatuan eskuragai jartzeko. Irungo HAPOn –Hiri Antolamendurako Plan Orokorra–, Araso ipar eremuaren kalifikazioa industriala da, eta soilik tren erabilpenerako bateragarritasuna aurreikusten du
Gaur egun, ordea, ikusten ari garena da Araso ez dela erabiltzen ari industriarekin lotutako lanpostu berriak sortzeko, lehendik dauden enpresak birkokatzeko eta industriala den lurra komertziala bihurtzeko baizik.
Berriki jakin dugu, Irungo Udalak, Mercadonak erabiliko lukeen eremu komertzial bat baimendu, gasolindegi bat birkokatu eta 300 aparkaleku eraiki nahi dituela Arason eta horretarako 18.000 metro koadro birkalifikatu nahi ditu, industrialak izatetik komertzialak izatera igaroz. Modu horretan, Araso ipar eremua eraikitzeko erabili zen hiri-kalifikazioa ez errespetatzeaz gain, Sprilurrekin sinatutako akordioa ere urratzen ari da.
Lur industrial hori beste zereginetarako erabiltzeak etorkizunean bertan kokatu nahiko luketen industrien ezarpena hipotekatzen du. Horrek suposatuko du nekazal eremu berriak birkalifikatu beharko direla industriaren lur beharrak asetzeko, Tokiko Agenda 21ek jasotako ingurumen iraunkortasunerako neurriak bertan behera utziz. Era berean, asmo horiek Irungo Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren helburuen aurka daude, aipatu planak espreski errefusatzen baitu norberaren ibilgailua erabiltzea edo bidai luzeak suposatzen dituzten alderdi komertzialen ezarpena.
Kontraesan izugarria iruditzen zaigu Irungo Udalak dirua eta errekurtsoak erabiltzea hiriko komertzio txiki eta ertainaren aldeko kanpainak egiteko eta horren aldeko koherentzia erakusteko unea iristen denean, aurkako politika erabili eta Mercadona bezalako talde handien ezarpena erraztea.
Salneurri merkeak dituzten produktuen erakargarritasunaren azpian, sortzen dituenak baino lanpostu gehiago suntsitzen dituen eta korporazio handien interes ekonomikoak babesteko sortutako legedi atzerakoiaren babespean, langileen lan baldintzak eta eskubideak azken muturreraino murrizten dituen eredu komertzial basatiaren eredua ezkutatzen da.
Zertan laguntzen dio Iruni Mercadona gure hirian ezartzeak horretarako industria aktibitateetarako lurrak jaten baditu, trafikoa eta kutsadura handitzen baditu, hiriko eta auzoetako kaleak hutsik uzten baditu, inguruko balio naturalak kaltetzen baditu, lanpostuak suntsitzen baditu eta gizarte desberdintasunak areagotzen baditu enpresaburuen etekinak soldatak gutxituz lortzen direlako?
Arrazoi horiengatik guztiengatik, udal gobernuari erabakia birpentsatzea eta hiriko kudeaketa arautzen duten hitzarmen, programa eta planekiko koherentziaz jokatzea eskatu nahi diogu
Irunen, 2014ko azaroaren 23an.
BIDASOALDEKO LAGUNAK: Eguzki Bidasoaldea antinuklear eta ekologista, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, SEO/BirdLife, OIASSO 2000 auzo elkarteen federazioa.