Abenduaren 3arekin batera Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute hamaika lekutan. Horren harira, egitarau berezia prestatu du tokiko gobernuak.
Udalak antolatutako Euskararen Egunaren aurkezpena
Abenduaren 3an asteazkenarekin ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo ere. Hori dela eta, egitarau berezia antolatu du datorren asterako Irungo Udalak.
Abenduaren 2an euskarazko bi ikus-entzunezko emango dituzte Amaia KZn. Lehena,
Dixie eta matxinada zonbia haurrei zuzenduta egongo da eta 17:30ean hasiko da. Bigarrena, Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean parte hartutako
Loreak filma izango da, 20:00etan abiatuta. Horren ondoren gainera, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak bertan izango dira eta solasaldia eskainiko dute. Horretarako gonbidapenak Irungo Gazte Bulegoan eskura daitezke.
Abenduaren 3an bertan bestalde, Euskararen Aldeko Post-It Art iniziatiba garatuko dute Txanaleta plazan, 10:00etan abiatuta. Iaz antolatu zuen lehen aldiz tokiko gobernuak iniziatiba eta Fernando San Martin Euskara delegatuak azaldu duenez, “hainbesteko arrakasta izan zuen aurten ere errepikatzea erabaki dugula”.
Horren arabera, euskara plazara ateratzeko “ideiak eman beharko ditu pertsona bakoitzak” eta ideia hori post-it batean idatzi. Post-it guztiekin
Euskara, plazara leloa osatu nahi dute udal ordezkariek. Hori horrela, Txanaleta plazan bertaratzeko aukerarik ez duten herritarrek ondoko
blogean utz dezakete euren mezua.
Orotariko jarduerak
Aipatutakoaz gain, haur parkea jarriko dute 16:30etik 20:00etara Txanaleta plazan. Era berean,
Printzesak kontu kontari ipuin kontaketa egingo du Maider Galarzak 17:30ean, Ikust Alaia liburutegian. 18:00ak aldera aldiz, Kiki, Koko eta Moko pailazoak
Txondatatxondai dibertsio eta jai ikuskizunarekin arratsaldea girotzeko ardura izango dute Txanaletan bertan jarriko duten karpan. Arratsaldeari bukaera emateko
Euskarari kantari musika emanaldia entzungai izango da leku berean.
Abenduaren 1etik 5era bitartean bestalde, Elkarrizketariak izeneko saioa egingo dute arratsaldero Artaleku kiroldegian. Mintzodromoaren antzera, mintzapraktika bultzatzea du helburu, baina kasu honetan 6. urratsetik behera dauden ikasleei zuzenduta. 16:30etik 20:00ak bitartean garatuko dira saioak baina parte hartzaileek nahi duten denbora eman dezaketela bertan azaldu dute antolatzaileek.
Bukatzeko, Ametsen Zuhaitza osatuko dute Artalekuko kafetegiaren inguruan. Egurra, metala eta haria baliatuz herritarrek euren euskarazko mezua idazteko aukera izango dute eta pixkanaka zuhaitz baten egitura hartzen joango den eskultura bat osatzen joango dira.
Guzti horrez gain, Artaleku eta Azken Portu kiroldegietan emandako ikastaroak euskaraz zein gazteleraz emango direla jakinarazi du San Martinek, “norberaren hautua errespetatuz”.