Plaiaundiko kirolgunea tokiz aldatzeko eta Txingudiko hiru hiriak bidegorriz lotzeko aukerak aztertzen ari dira Irun eta Hondarribiko udalak, aldundia eta jaurlaritza. Bidegorriarena zehazteke, kirol gune berria Zubietako lursoroan egiteko ados jarri dira lau erakundeak.
Santano gaur goizean, Irun eta Hendaia arteko zubiaren aukera azaltzen
Plaiaundiko kirolgunea Zubieta eremura mugitu behar da, beste aukerarik ez da une honetan aztertzen. Hala uste du Txingudi Alorreko Errekurtso Naturalak Babesteko eta Eratzeko Plan Berezia kudeatzeko ardura duen erakundeen arteko mahai politikoak eta halaxe azaldu du gaur goizean mahai horretako kide den Jose Antonio Santano Irungo alkateak. Hori da une honetan mahai gainean duten aukera bakarra, eta urratsak emateko prest agertu dira.
Santanok azaldu duenez, Irun eta Hondarribiak denbora gutxi barru hitzarmena idatziko dute Zubietaren etorkizuna zehazteko eta horrek erraztu egingo luke Zubieta lursoroa jarduera ekonomikoetarako gune bilakatzeko eman beharreko beste tramiteak. Jaurlaritza eta aldundia ere ados daudela ziurtatu du Santanok eta hilabete gutxi barru hitzarmen hori sinatu dezaketela uste du. Hori bai, onartu du proiektu zaila dela, eta lursoroa oso handia dela, eta urteak beharko direla gauzatzeko: “Araso eraikitzeko akordioa sinatu genuenetik egin arte hamar urte pasa ziren, eta Araso txikiagoa da, eta ez Zubieta bezain konplexua”.
Ekologistek
beste aukera batzuk aztertzeko eskatu izan diete erakundeei; Bidasoaldeko Lagunak taldeak Zubieta leku egokia dela uste du, baina Zubietako planen helburua da Miramongo Parke Teknologikoaren zabalkundea jasotzea, eta ekologistek ez dute uste egungo egoera ekonomikoarekin asmo horrek aurrera egin dezakeenik. Baina Santanok ziurtatu du Zubieta egingo dela, eta Miramongo Parkeari lotutako asmoak berretsi ditu.
Beste zubi bat bidegorrirako
Hendaiako pasabidearekin lotura izango luke
Kirol instalazioak mugitzeko planez gain, Hondarribia, Irun eta Hendaia bizikletentzako bide batez nola lotu, hori ere aztergai izan dute Txingudiko hezeguneen plangintzako mahai politikoaren bileretan. Azken hilabeteetan hainbat trazatu aztertu dituzte eta, egun, bi aukera nagusi daudela azaldu du Irungo alkateak.
- Aukera bat da Gipuzkoako Kalapie zikloturisten elkarteak eta foru aldundiak hobesten dutena, N-1 errepide ondotik bidegorri bat egokitzea Mendelutik Iparralde etorbideraino, eta Ficoba inguruan bat egitea Hendaiarekin lotura duen bidegorri sarearekin. Muga nagusi bezala, trenbide gaineko saihesbideko zubia izango luke aukera horrek, hori litzateke gainditu beharreko arazo tekniko nagusia.
- Eta beste aukera beheragotik joango litzateke, ibai ertzaren mailatik. Irungo EAJk egindako lehen proposamenak Plaiaundi zeharkatzea planteatzen zuen, eta mahai gainean dagoen aukera hau, aldiz, “Plaiaundi ondotik joango litzateke, beti parkearen kanpotik”, Santanoren esanetan. Bigarren proposamenak Irun eta Hendaia lotzeko zailtasun handia izango luke, egokitu beharreko bidearen amaiera Bidasoko zubien azpian dagoelako. Muga hori gainditzeko hainbat alternatiba aztertzen dira, horien artean “egurrezko zubi bat eraikitzea, oraingo zubiak baina beheragotik”.
Bi aukera horiek ari dira aztertzen mahaian. Irungo alkateak onartu du aldundiaren aukera gustuko duela, baina bigarrenari buruz hitz egiterakoan xehetasun gehiago eman ditu eta zubia eraikitzeko aukera aipatu duenean, aldeko jarrera nabari zaio: “zubi asko daude hor, baina bost zubi daudenean sei kabitzen dira”, erantsi zuen.