Azokaren 9. ekitaldia hartuko du Ficoba erakustazokak abenduaren 6tik 8ra bitartean. Irungo Udalak stand propioa izango du urtero bezala eta "kontsumo arduratsua" bultzatzeaz gain, hiriko 27 saltokiren erakusleiho izan nahi du. Irungo Artisauen V. Azoka ere jarriko dute bertan.
2013ko Gabonetako Azokaren irudia
Euskal Kostaldeko Gabonetako IX. Azoka eta Irungo Artisauen V. Azoka egingo dituzte abenduaren 6tik 8ra bitartean Ficoban. Irungo Udal Gobernua stand propioa prestatzen ari da horretarako eta iaz bezala aurten ere “kontsumo arduratsuaren” aldeko apustua egingo duela jakitera eman du gaur goizean Miguel Angel Paez Sustapen Ekonomikorako delegatuak. Halaber, Irungo 27 saltokiren erakusleiho gisa jokatu nahi du udalak.
“Iaz bezala, bertako produktuen erakusleiho gisa baliatu nahi dugu standa, produktu ekologikoak, bigarren eskukoak, edota bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua bezalako zerbitzuak sustatuz” adierazi du Paezek, Javier Murillo Soleil Gourmand eta Sergio Gomez-Cruzado Ginmusica enpresetako ordezkariekin batera.
Hori horrela, familiei zuzendutako hitzordua da azokarena. Gaztelu puzgarriak, tailerrak, erakustaldiak… izango dira bertan. Artisauen azokak bestalde, lehenengo pabilioia hartuko du.
Azokan aurki daitezkeen postuak eta produktuak ezagutzera emate aldera, hilaren 28an ostiralarekin
bideo-mapping saioa eskainiko dute Zabaltza plazan, 19:00etan hasita.
Azkenik, azokaren egun bakoitzean Irungo talde ezberdin batek kontzertua emango duela ere jakitera eman du Paezek. Hala, lehen egunean Kulto Kultibo hip hop taldea ariko da Ficoban, 19:00etan; bigarrenean, Ras Miguel & Tafariren reggae doinuak entzungai izango dira, 19:00etan; eta azkenekoan, The early morning taldearen rock&roll erritmo dantzagarriak entzun ahal izango dira, kasu honetan ere, 19:00etatik aurrera.