«Ez gara arrazistak»
Arrasaten bizi naiz orain, eta joan den ostiralean autobusez itzuli nintzen Irunera, Euskal Herrian ikasleek, txiroek, etorkinek eta zaharrek soilik egin ohi duten bezala. Motorra martxan jarri eta abiatzear ginela, kanpoaldetik neska bat galdezka hasi zitzaion gidariari, ea motxila bat aurkitu zuen eserlekuen gaineko txokoan, goizean ahaztu zuena. Gidariak, harrituta, baietz, baina gure kolore berekoa ez zen gazte bat igo zela autobusera, bidaiari guztiak jaitsi ondoren, motxila ahaztu zuelako aitzakiarekin. Lapurretaren biktimak, bere onetik aterata, zin zegiela gero eta arrazistagoa bilakatzen ari zela. Lehenengo ilaretan eserita zeuden atsoek ez zuten marmarka hasteko aukera galdu, eta berehala batu zitzaizkion neska gajoari: «Nor ez, neska, denok ari gara!». Ertzainan (sic) salaketa jartzeko gomendioarekin agurtu zuen gidariak unibertsitateko apunteak galdutzat eman zituen gaztea.
Orduantxe hasi zen tertulia autobuseko aurrealdean. Ez dagoela eskubiderik, lanera etorriko balira sikiera, eta abar. Gidariak gogoan zuen lapurrak dirutan ordaindu zuela, eta bigarren ilarako emakumeak zehaztapena: «Guk ematen diegun diruarekin ordaindu dizu, noski!». Normalean brontzezko txanpon mordoarekin ordaintzen omen dute; gidariak azaldu zien bere lankideek bueltan ematen zizkietela txanpon horiek billetearekin joaten zirenean, mendeku gisa. Gidariak behin probatu omen zuen teknika hori, eta txanponak aurpegira bota omen zizkion bidaiari etorkinak. Batak: «Astigarragako txaboletan gero eta errumaniar gutxiago daude»; besteak: «Ba, ziur pisuak eman dizkietela!». Esajerazio, gezur, aurreiritzi, eta benetan egia diren hainbat gertaera nahastuta, koktel beldurgarria osatu zuten ordu erdiz.
Igandean ere, gizarteko pariekin itzuli behar izan nintzen Arrasatera. Lotsa pixka batekin, noski; espero dut inork ikusi ez izana. Autobusa jendez lepo. Emakume arabiar bat nuen ondoan, eta altu samar hitz egiten zuen mugikorretik. Nire aurreko andreari hasieratik egin zitzaion deserosoa egoera. Etengabe egon zen atzera begira, modu itsusian isilarazi zuen batean, iruzkin iraingarriak uneoro, edonork entzuteko moduan. Emakume arabiarra Bergaran jaitsi zen, baina atzeko atetik beharrean aurrekotik; behar ez zen lekutik, nonbait. Denok konturatu ginen, eta orduan nire aurreko emakume pipertuak: «Jakina, Salam Malekum jartzen ez duenez… kar, kar!». Zorionez, ez zuen konplizitate handirik aurkitu inguruan.
Aztikerrek Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egindako Euskal herritarren identitate aniztasuna ikerketatik, euskal herritarrok arrazistak ez garela ondorioztatzen da. Halako ikerketetan, azkenean, nahi bezala interpreta daitezke emaitzak.
A, gaztelera hutsean eman ziren entzundako elkarrizketa guztiak.