Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, Hondarribiko Udalak "bere gaitzespen irmoa" adierazi du, Bilduk ez gainontzeko alderdiek onartutako adierazpen instituzional baten bidez.
Azaroak 25. Adierazpena
Idatzian, portaera sexistak indibualak ez ezik, “mundu osoan indarrean dagoen sistema baten parte” direla iritzi dute: “Zoritxarrez, oraindik ere, emakumeen aurkako erasoak baimentzen eta legitimatzen dituzten jarrera eta portaera ugari antzematen dira gizartean; esate baterako, erasoak jasan dituzten neskek eta emakumeek jarritako salaketen egiazkotasuna zalantzan jartzea, botere-espazioetatik indarkeria hutsaldu eta justifikatu nahian eta gaiari garrantzia kendu nahian egiten diren adierazpen publikoak, edo komunikabide batzuek indarkeriari ematen dioten tratamendu azaleko eta sentsazionalista, besteak beste”.
Hala, erakundeen ardura onartzen dute, eta emakumeen kontrako indarkeria “errotik suntsitzeko ahalegina” udalaren jardueraren erdigunean jarri behar dela erantsi dute: “Horretarako, beharrezkoa da programa egonkor eta jarraituak garatzea, indarkeriarik gabeko gizartea lortu ahal izateko. Era berean, programa horiek baliabide ekonomiko eta pertsonalez hornitu behar dira”.
Bukatzeko, herritarrei dei egiten diete Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunean antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko, “bereziki neska-mutil gazteei”, eta berdintasunaren aldeko “konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko”.
EAJk, PSE-EEk, Hamaikabatek eta PPk sinatu dute oharra. Bilduk ez du testuarekin bat egin eta bere
idatzi propioa kaleratu du.
Azaroak 25. Adierazpena