Axola zait! Baina...
Datorren asteartea, azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Irungo Udalak, aipatu egunerako, Axola zait iniziatiba antolatu du. Hori Irungo 2013-2016rako Emakumeen eta Gizonen Arteko III. Berdintasun Planarekin bat dator, eta bere helburua emakumeenganako indarkeriaren aurka herritarrak sentiberatzea da, gazteak bereziki. Ekimen honen bitartez oso ohikoa eta estereotipo sexistengatik emakumeekin identifikatzen den arropa zabaltzea, aldarri bihurtu nahi dute.
Horretarako, Zabaltza plazan esekitoki erraldoi bat eraiki nahi da, soka eta pintzekin, arropa zabaltzeko. Baina ez nolanahiko arropa. Esekiko den arropa horretan emakumeenganako indarkeriaren aurkako mezuak idatziko dituzte ekimenean parte hartu nahi dutenek.
Aldiz, iruditzen zait, tamaina honetako arazoaren aurrean eraginkorrak izate aldera eta emakumeenganako indarkeria estrukturalarekin benetan amaitu nahi bada, antzeko ekimenak eta bestelako sentsibilizazio kanpainez gain, gizarte botereengan aldaketa errealak gauzatzea ezinbestekoa dela.
Izan ere, orain aste batzuk Hendaiako Emazten Fabore elkarteak antolatutako hitzaldian, JokinAzpiazu Carballo soziologo eta aktibista sozialak Maskulinitateak: eraldatu, irauli ala baztertu hitzaldian aditzera eman zigunez, maskulinitatea eta feminitatea eraikuntza sozialak izanagatik, eta biak ala biak ondo egituratutako sistema sinboliko, ekonomiko eta politiko baten barnean definitzen diren kontzeptuak direnez, sistema horren barruan ez dira soilik kontzeptu ezberdin bezala aurkezten, baizik eta mailakatuta agertzen dira hierarkia baten barruan ere. Eta hierarkia orok dakarren botere talka kontuan hartuz, esan beharrik ez dago zein dagoen sistema honetan zeinen gainetik, eta horrek zer eragin duen salatzera aterako garen emakumeenganako indarkerian.
Horregatik botere eremuetan ematen diren harreman ez-orekatuan kokatu beharra dago genero biolentzia sistematiko honen izateko arrazoi nagusia, gerora gizartean gertatzen dena ulertu eta konponbidean jarri nahi badugu.
Egia da maskulinitatea bizitzeko forma asko aldatu dela, portaera edo estetikan, adibidez, baina aldaketa hauek ez dute gaitasun eraldatzailerik izan. Azpiazuk zioen bezala, horri erreparatzea soilik identitatearen eraldaketan garrantzia jartzea suposatzen du. Baina galdera gakoa honakoa da: identitate eraldaketa horrek eta, bereziki, gizonak femeninoagoak izate horrek, eragiten al die botere harremanei? Ez.
Egiazki gertatu dena da gure sisteman nagusi den patriarkatuak egungo beharretara egokitzeko ahalbidetu dituela generoak beste era batera produzitzea, baina inolaz ere hierarkia zapaltzaile horri amaiera emateko asmoz, baizik eta boterean jarraitzeko helburuarekin, kontzesioetarako inolako borondaterik gabe.
Horren adibide bat. Gero eta gehiago dira seme-alaben zaintzan inplikatzen ari diren gizon heterosexualak, baina haietako zenbatek egin diogu uko gure karrera profesionalari?
Beraz, berdintasunerako urratsak emateak gizonezkoon pribilegioen berrikuspen eta galera ekarriko duela jakinik, kosta egiten zait sinestea gizonok, orokorki hitz eginda, mendeetan izan dugun botere horri uko egiteko prest gaudenik.
Horren adibide izan daiteke Irungo Udalak, PSE-EE, PNV eta PPren aldeko botoekin, III. Berdintasun Planetik jai parekideen puntua ezabatu izana, gisa honetara alarde parekidearen gaia bertan sartzea ekidinez. Eta gero, azaroaren 25ean, «axola zait» esango digute. Baina arazoaren muinari dagokionez… nik ez dut hala denik uste.