Alderdi guztiek, EH Bilduk ezik, aurrera egin dute Zuloaga Etxea handitzeko mahai gainean jarritako proposamenarekin.
Azaroaren 19ko plenoa
Herenegun arratsean egin zuten Hondarribiko zinegotziek azaroko udalbatzarra. Bertako gairik nabarmenena Zuloaga Etxearen handitze lanen gainekoa izan zen, ondoko eraikina hartuz. Horrela, handitze lan horien esleipenaren alde egin zuten EAJ, PSE, H1 eta PPko zinegotziek; 1,21 milioi euroko kostua izango dituen lanak izango dira, bederatzi bat hilabetean egin beharrekoak. EH Bilduk horren kontrako botoa eman zuen.
EH Bilduko kideek kontrako botoa argudiatu zuten. Koalizioko kideen ustez, onartu den egitasmoarekin ez da “instalazioaren irisgarritasuna bermatzen, eta gainera ez zaio Elkartu taldearen proposamenari erantzunik ematen”. Elkartu gabezia fisikoak dituzten pertsonen federazio koordinatzailea da, Gipuzkoa mailakoa.
Ordubeteko plenoa izan zen asteazkenekoa. Zinegotzi guztiak izan ziren bertan. Eta guztiek bi gairen aldeko botoa eman zuten, aho batez onartuz: udaleko hautetsientzako Jokabide Kodea bat, eta Alde Zaharra birgaitze integratuko area izendatzeko Eusko Jaurlaritzari egin beharreko eskaera bestea.