Datorren asteazkenean izango den azaroko udalbatzarrean horretarako mozioa aurkeztuko du koalizio abertzaleak.

Francoren diktadura garaiko plaka
Franco diktadorea hil zela 39 urte bete ziren atzoko egunean, eta horren harira, sinbologia frankistarekin bukatzeko eskatuko dio EH Bilduk mozio bidez asteazkenean Irungo Udalbatzari.
EH Bilduren udal taldeak plazaratu duenez, “Irunen oraindik atari batzuetan dauden plakak kendu gabe daudela adierazi nahi dugu”. Ildo horretan, dagoeneko zenbait kaleren izenak aldatzea lortu duten arren, “oraindik baten bat geratzen da, Mourlane Michelenarena”, esaterako.
Hala, “memoria historikoaren legeak, Eusko Jaurlaritzaren dokumentuak, herri eragile eta herritarrek eskatutakoari erantzuteko” eskatu dio EH Bilduk PSEren udal gobernuari, “beste askotan legeak behartzen diena betetzen duten moduan oraingo honetan ere egin dezatela”.