Euskararen Egunerako finkatu du Sareuskak hitzordua, Estitxu Fernandezen gidaritzapean. Hego Lapurdiko Elkargoak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidasoa Mugaz Gaindiko Partzuergoak osatzen dute sarea.
Mintzodromoaren aurkezpena
Abenduaren 3an Euskararen Egunarekin batera antolatu du Sareuska euskararen sareak Mintzodromoa, Irunen. Hego Lapurdiko Hiri Elkargoak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidasoa Mugaz Gaindiko Partzuergoak sortu zuten Sareuska irailaren 19an, “euskararen erabilera eta sentsibilizazioa” lantzeko helburuarekin, “euskara zerbitzuen elkarlana sustatzeko, euskararen gaineko ardura duten hautetsien arteko harremana eta elkarlana bultzatzeko, eta euskararen ikusgarritasuna lantzeko”.
Hala, Fernando San Martin Irungo Euskara delegatua, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Euskara zinegotzia, Beñardo Goietxe Bortzirietako euskaltegiko irakaslea eta Gaizka Zuazo Kunsthal eskolako irakaslea bildu dira gaurko aurkezpenean. San Martinen arabera, “sareak erakundeen arteko elkarlanerako bide berriak ireki ditu eta horren adibide garbia da abenduaren 3an Irunen egingo den Mintzodromoa”.
Sagarzazu bestalde, partzuergoaren izenean mintzatu da. Haren aburuz, “euskara modu naturalean praktikatzeko gune bat da” Mintzodromoa. Ildo horretan, “hainbat gairen inguruan aritzen dira –parte hartzaileak– euskaraz blagan, solasean”.
Goienek bere aldetik Mintzodromoa bezalako jarduerak euskalduntzean “oso osagarriak” direla iritzi dio eta beraz, euskaraz dakiten herritarrak eta ikasten ari direnak parte hartzera animatu nahi izan ditu.
Nondik norakoak
Abenduaren 3rako finkatu dute Mintzodromorako hitzordua Irungo Txanaleta plazan, Kunsthal eskola dagoen plazan bertan. Estitxu Fernandez bertsolari, telebista aurkezle eta kazetariak gidatuko du saioa, 10:00ak eta 12:00ak bitartean. Solasaldia taldetan banatuta garatuko da, eta minutu batzuen bueltan solaskidez eta gaiez aldatu eta talde berriak osatzen joango dira parte hartzaileak.
Kunsthal eskolako Zuazo irakasleak azaldutakoaren arabera, bertako ikasleek eremuaren egokitzapenean lagunduko dute. Izan ere, karpa bat jarriko dute bertan eta testuinguru “atsegina” sortzea izango da haiei egokitutako erronka. Eskolak berak sarearen irudi korporatiboa garatu du.
Egitasmoan parte hartu nahi duten lagunek azaroaren 20tik 28ra bitartean eman beharko dute izena
e-posta edo telefono bidez: 943 50 52 72 (Irun); 943 11 12 24 (Hondarribia); 948 63 41 25 (Bortziriak) eta 05 59 48 30 85 (Hego Lapurdi). Horiez gain, euskaltegietan eta herritarren arretarako bulegoetan ere egin dezakete.