Irungo alkatea alardeaz mintzatu da gaur Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta.

Alarde Parekideari bizkarra ematen
Irungo alkatea alardeaz mintzatu da Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta.
EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Jose Antonio Santano Irungo alkateak Eusko Legebiltzarrean adierazi du Iruni dagokiola alardearen gaia lantzea, eta uste du Irungo gizon-emakumeen “gehiengoa abandonatuta” sentitzen dela erakundeen aldetik. Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean eman ditu azalpenak.Azaldu duenez, alardea egiteko bi modu dituzte Irunen, eta biak dira “zilegi”. Haren arabera, ez batak ez besteak ez du urratzen oinarrizko eskubiderik. Irun “elkarbizitzaren eta errespetuaren eredu” dela gaineratu du: “Alardea ulertzeko bi modu daude; ez dago gatazkarik, ezta diskriminaziorik ere”. Gizartean gatazkarik ez dagoela uste badu ere, adierazi du “adierazpen politikoetan” badagoela: “Obsesio politiko bat da”.Alarde tradizionalari alarde “baztertzailea” deituta, Irungo herritarrak “minduta” sentitzen dira, haren hitzetan. “Saiatzen ari dira errealitatearekin bat ez datorren irudi bat ematen”.Alarde fundazioaren ekitaldi batez
Alarde fundazioaren ekitaldi batean parte hartu izanaz galdetu dio Lur Etxeberria Bilduko ordezkariak Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari Eusko Legebiltzarrean. Gizon eta emakumeen berdintasunean Jaurlaritzak duen konpromisoa agertu du Hezkuntza sailburuak, eta zehaztu du abuztuaren 15ean “kultur ekitaldi batera” joan zela Hondarribian, pintura erakusketa baten inauguraziora, hain justu, eta ez fundazioaren egoitzaren inauguraziora.
Etxeberriaren arabera, ordea, “kontraesana” da Hezkuntza Sailean parekidetasunaren alde egitea eta “eskubideen emakumeak urratzen dituen erakunde baten ekitaldian” parte hartzea.