Euskal iheslari politikoengan dute jarrita begirada Gari Garaialde argazkilari hondarribiarrak eta Bostok agentziako Josu Trueba lankideak. Presoen eta haien senideen gaia landuta dute biek —Garaialdek
Zu ikusteko bidean argazki liburuarekin—, eta iheslariena elkarrekin jorratzeko asmoz dira. Helburua, ihesean joandakoen esperientzia kontatzea, idatziz, bideoz eta, nola ez, argazkiz.
Kaxa hutsak izena jarri diote proiektuari eta lanean hasi ahal izateko diru bilketa kanpaina abiatu zuten, crowfundinga. Diru ekarpenen truke laguntzen duenak zerbait jasotzen du, ekarpenaren arabera. Hori bai, kanpainak helburu bat izaten du —12.000 eurokoa
Kaxa hutsak-en kasuan—, eta epe mugatu bat, 40 egunekoa. Denbora horretan helburua bete ezean, jasotako diru guztia itzuli behar izaten da.
Etzi, larunbata, amaituko da crowfunding kanpaina. 12.000 euro lortu behar zituzten eta atzo iritsi ziren kopuru horretara. Baina egitasmoaren aurrekontua askoz handiagoa da, eta horregatik, besoak zabalik hartuko dituzte azken egunetan egingo diren ekarpen guztiak ere. OARSO BIDASOKO HITZA astelehenean elkartu zen Garaialderekin, mugara iristeko 1.000 euro falta zitzaizkienean.

Euskarri desberdinetan jaso nahi dute iheslarien esperientzia
Zer da Kaxa hutsak?
Ideia zera da, euskal iheslari politikoei begi bat jartzea gaur egungo egoeran. Proiektua bi aldetatik sortu zen, nire buruan, batetik, eta beste aldetik Josuren buruan, Bostok sortu baino lehenago, edo sortzeko bidean ginen une horretan. Bai berak eta baita nik ere egina genuen dispertsioaren inguruko lan bana, berak
Kilometro 0 eta nik
Zu ikusteko bidean. Eta presoak eta gero zer: iheslariak. Nik banuen gogoa gai horrekin zerbait egiteko, Josuk ere bai… Berak gainera Gari Ibarluzea Londresen bizi den Ibarrako iheslaria ezagutzen zuen eta hasita zegoen berarekin saltseatzen. Ni bitartean ezagun nituen iheslari batzuekin kontaktuak egiten hasia nintzen, haiei azalduz banuela zerbait egiteko gogoa, baina ez nekiela zer egin.
Bide horretan Bostok sortu zen, eta momentu batean aurrera begira zeintzuk proiektu genituen aztertzen hasi ginen. Eta nik ideia hau bota nuen, eta berdin egin zuen Josuk ere, eta orain urtebete edo hasi ginen lantzen. Hasieran Ingalaterran ematen duten kazetaritzako beka bat eskatzeko idatzi genuen. Izena jarri eta forma ematen hasi ginen.
Nondik hartu duzue izena?
Joseba Sarrionandiak poema batean erbestearen definiziorako proposamenak egiten ditu, eta horietako bat hori da, ‘kaxa huts guztiak’. Gustatu zitzaigun eta ideiak balio zigun gainera, hutsak daudenez bete daitezkeelako…
Webgunean ageri denez, euskarri desberdinak izango ditu proiektuak, hau da, zuen arlotik haratago doa.
Konturatu ginen behin istorio horretan sartuz gero ez zuela merezi mugak jartzeak. Gaur egun asko eskatzen da bideoa eta sareak ematen digu guk nahi dugun bezala argitaratzeko aukera. Litekeena da bideoa bakarrik ez izatea, baizik eta multimediako zerbait, bideoak argazkiekin nahastuta… Ni bideoarekin zertxobait ibilitakoa naiz Super8-ak egiten, multimedia lanak muntatzen ere egin dut zerbait… Josuk gehiago egin du, nirea jolasa izan da berearekin konparatuz gero, eta horregatik ere oso polita izango da niretzat.
Proiektua prestatu, kanpaina sustatu, promozio guztia egin… Nola daramazu aurretiko lan hori?
Gaizki [barre egiten du]. Aurre produkzio hori, kontaktuak egitea, proiektua diseinatzea, idaztea, aurrekontuak egitea… Oraindik ez dakigu nola bukatuko den proiektua, baina zenbat gastatuko dugun zehaztu beharra, bidaietan zenbat… Kristoren lana da. Pena bat da argazkilari lana hainbeste atzeratzea, baina nik asko ikasi dut garai honetan. Eta Josuren eta bien arteko erlazioa asko estutu dugu, elkarrekin lan egiteko modua findu dugu eta Bostoken barruan ere lehendabiziko lan kolektiboa da. Horretarako ere balioko du.
Iheslarien bizipenak kontatu nahi dituzue, baina asko dira euskal iheslariak. Nola egin duzue aukeraketa?
Ibilbidea oso luzea izan da, baina oso-oso luzea. Euskal gatazkak sortu dituen iheslariak begiratzen hasten bazara… XIX. mendera joaten bazara seguru egon zirela, karlistadetan, borroka guztietan daude iheslariak. Ez dakit nola esan… [Zalantzakor jarri da] Euskal Herria askatzeko borrokak, beti sortu ditu iheslariak, baina guk azken etapa hartu dugu, Franco hil eta geroko edo trantsizioa eta geroko garaia.
Eta nola egin? Argi genuen denetara ezin ginela iritsi, eta erabaki genuen 6-8 bat lagun konkretu hartzea, garai desberdinetan ihes egindako jendea, amnistiaren legearen ondoren hasi eta gaur eguneraino, 40 bat urtetan alde egindakoak. Denbora hori kontatu nahi dugu, garai desberdinetan joan zirenak eta leku desberdinetan daudenak, ez delako gauza bera Hazparnen iheslari bezala egotea edo Ameriketan egotea; eta ez delako gauza bera 1980ko hamarkadan iparraldera joan eta GAL ezagutu zutenen egoera hura, edo gaur egungoa. Kontatu nahi genituen gauzatxo batzuk markatu ditugu eta profil hori zein jendek betetzen duen bilatu dugu. Poliki-poliki hasi gara. Oraindik ez dakigu norenganaino iritsiko garen azkenean. Lagun bat hartzen dugu, lantzen hasten gara, eta hura landu ondoren ikusten dugu zer falta zaigun eta haren bila joaten gara.
Esate baterako, udaberrian itzuli ziren bi iheslariren istorioa lantzen hasi ginen. Itzulera oso polita da eta grabatuta daukagu. Noizbait erabiliko ditugu irudi horiek, baina konturatu gara proiektu honetarako ez digutela gehiegi balio, iheslari izatea zer den kontatu nahi dugulako. Baina haiek asko lagundu digute zer bilatu dezakegun ikusteko, 30 urte zeramatelako ihesean, GALen garaia ezagutu zutelako, estradizioak eta abar ezagutu zituztelako, Frantziako kartzeletan gertatzen zena ezagutu zutelako, Iparretarrak taldearekin egon zen gatazka…
Proiektuaren zati handi bat Euskal Herritik kanpora egin beharko duzue. Zenbat bidai egin beharko dituzuen badakizue?
Ez dakigu. Adibidez orain, gaur [astelehenean] bertan joan da Josu kanpora eta bi hilabete egingo ditu Hego Amerikan. Iparraldean egiten ditugunak kasuetan egun berean joan eta etorri gintezke, gertu dagoelako, baina nahiz eta Hendaian izan, hara joan eta astebetez iheslariarekin egotea interesatzen zaigu, haren etxean egotea. Baina hori iheslari bakoitzaren arabera zehaztuko dugu, eta orain zein jende landuko dugun aztertzen ari gara. Agian joan beharko dugu, nik zer dakit, Togora, edo ez, baliabideen eta beharren arabera zehaztuko dugu.
Beraiek, iheslariek, nola hartu dute proiektua?
Oso ondo. Jendearengana hurbiltzen hasi ginenean ikusi genuen bazegoela kontatzeko gogo bat, sentsazio bat, ‘hemen gaude eta inork ez daki, edo ez daki nola gauden’. Gero iheslarien kolektiboarekin hitz egin genuen, ez genuelako inongo trabarik edo gaizki ulertzerik eragin nahi, eta gainera beren laguntza behar genuen jendearengana iristeko. Azken batean, ez dakigu zein jende dagoen ihes eginda, zeintzuk dauden sasian eta zeintzuk ez, zeren eta sasian dauden haiengana ezingo dugu iritsi, baina beste horiek ere ez dakigu zeintzuk diren eta non dauden. Proiektua idatzita eraman genien, gustatu zitzaien, eta laguntza osoa eman digute.
Hala ere ez da erraza, behin iheslaria detektatzen duzunean, haren prestutasun osoa lortzea, egun osoan goitik behera grabatzea onartzea. Hori ere hor dago. Bi gauza daude, lotsa batetik, inork ez duelako nahi norbait egun osoan edukitzea zuri begira, eta beldurra bestetik, erreala den beldurra. Daude baina ez daude. Nahiz eta orain sasian ez egon edo ez ilegalki egon, beraiekin hizketan zaude eta tentsio batean daude beti, edozer gauza gerta daitekeelako.
Baina bestetik, tabernetako kartelari nolabait aurpegia jartzeko gogoa izango dute, euren egoera ezagutarazteko, ez?
Aurpegi pertsonala baino, kolektiboaren egoera da azaldu nahi dutena, ez ‘niri hau gertatzen zait’, baina bai zein den egoera, ze arazo dituzten, eta beharrak. Igual beraiei gutxien interesatzen zaiena hori da, aurpegia jartzea, baina guri hori ere interesatzen zaigu, aurpegia jartzeak egoera hurbiltzen duelako, ez delako gauza bera egoera orokorra azaltzea edo pertsona konkretuen bizipenen bitartez kontatzea. Ez bakarrik zein arazo eduki ditzaketen pasaportea lortzeko adibidez, baizik eta hori gertatzen dela ikustea. Garirekin [Ibarrako iheslaria, Londresen bizi dena] gertatu zitzaigun. Kasualitatez izan zen, baina han ginelako izan genuen grabatzeko aukera,
bere frustrazioa grabatu genuen. Gero hurrengo egunean kontatu dezake frustrazioa hori, baina unearen aurpegia han egonda bakarrik jaso daiteke. Telefonoz hizketan ageri den bideo hori, horko arnasek bakarrik kristoren indarra dute.

Garai desberdinetan ihes egindakoengana iritsi nahi dute
Crowfunding kanpaina abiatu zenuten. Zer moduz joan da?
Oso ondo, pentsatzen genuena baino askoz hobeto. Hasieran nahiko indartsu hasi zen, gero geldiune bat izan zuen eta beldurtu ginen, baina bukaeran berriro hasi da martxan. Lan handia egin dugu proiektua jendeari ezagutarazteko, jende gehienak oso ondo hartu du gure asmoa kontatu diogunean, kontatu beharreko zerbait badagoela ulertu dute. Baina produkzio lan handia eskatzen du crowfunding batek, sekulakoa, egunero-egunero txapa eman behar duzu, dirua behin eta berriz eskatu. Lortzen badugu [astelehenean 1.000 euro falta zitzaizkien], 2014ko gastuetarako eta 2015eko zati baterako emango digu.
Diru ekarpena egiten duenak, zer jasotzen du trukean?
Nik uste argi dagoela ematen duguna jasotzen duguna baino gutxiago dela, baina oraingoan opari nahiko onak jaso ditzake jendeak. Eskerrak ematetik hasita [bizkarrean jotzeko keinua egiten du], sortuko ditugun produktuen kopiak, neurri desberdinetako fundamentuzko argazkien kopia sinatuak, paretan jartzeko modukoak…
Halako kanpainekin beste gauza bat ere lortzen da, ezta? Jendeak proiektuaren parte dela sentitzea.
Lehenengo gauza hori behar da, bestela, nahiz eta trukean zerbait izan ez dizu dirurik emango. Eta horrek oso ondo funtzionatu du, gehienek ikusi dute bazegoela kontatzeko zerbait eta horrek engantxatu ditu. Gero ikusi dute dirua jartzearen truke zerbait bazegoela, baina askok esan digute ‘tori, baina niri ez eman ezer’. Guretzat ez da kostua, hori aurreikusita dago eta emango diegu, baina jende batek bai, esan digu, ‘nik nahi dut proiektua egitea’.
Eta orain zer?
Gu jada hasi gara dirua gastatzen. Josuk bi bidai egin ditu… Bagenuen gogoa egiten dakiguna egiteko, argazkiak egitera joateko. Hau [kanpaina] aterako da, diru gutxi falta da betetzeko eta handik eta hemendik esan digute azken unean egingo dituztela ekarpen horiek. Josu joan da eta nik badauzkat hemen lagun pare bat landu nahiko nituzkeenak, horiek detektatu, lokalizatu eta argazkiak egin, lana egin [ozenago esan du hori]. Bagenuen beharra gure lana egiteko, denbora gehiegi egin dugu bulego lanetan.
Eta fruitua noiz ikusiko du jendeak?
Tantaka ateratzea da helburua. Lehen aipatu ditudan horiek, itzuli direnak, horrek asko puskatu digu lan erritmoa, horiek landu nahi genituelako eta egutegian lehenak zirelako. Landuko ditugun pertsonen bizipenak banaka atera nahi ditugu, askoz errazagoa delako egoera bakoitzari ematea atentzioa. Bestela irudi orokorrarekin geratzen zara, eta guk nahi duguna da pertsona eta egoera desberdinak erakustea. Hiru hilero edo jarri nahi dugu norbaitena, eta bukaeran orokorra. Ez galdetu nola, guk ere ez dakigulako oraindik zein forma emango diogun. Nahiko genuke, gustatzen zaigulako horrela, paperean izatea, aldizkari batean. Hor zati bat, eta horrekin batera multimedia euskarria. Baina papera eta formatu hori asko gustatzen zaigu, eta nahiko genuke horrela ateratzea. Ez badugu lortzen, sarean jarriko genuke.
Presoen eta haien senideen gaia landua duzue zuk eta Josu Truebak, eta orain iheslariena lantzen ari zarete. Hor bukatzen da zikloa, edo baduzue besterik buruan?
Ander ere [Gillenea, Bostok agentziako beste argazkilarietako bat]
erakusketa ibiltari batekin ari da, borroka honek eman dizkigun mila irudiekin osatu duen erakusketarekin. Gu honekin ari ginela gertatu zen iheslarien itzulerarena, eta une hori ere jaso dugu. Bostoken, beste gauza asko egiteaz aparte, argi dugu euskal gatazkaren unean uneko momentua jaso behar dugula, guk dakigun bezala, argazkiak ateratzen. Igual zorte pixka batekin independentziaren prozesua egingo dugu [irribarrea atera zaio], tokatzen dena, baina Bostokek hori egin behar du. Eta presoena oraindik ez da bukatu, nik liburua egin nuen, baina gaiak jarraitzen du. Egin ditugu ongietorri batzuk, Josuk ere jarraitu du gaia lantzen, aita preso duen haur baten bizipena jaso du… ez du etenik. Ikusteko dago azken emaitza zein izango den, baina jarraitzen du.
Informazioko argazkilarien ezaugarrietako bat hori da, ez jakitea zein argazki egin beharko den biharamunean.
Bai, hori da. Eta guk gure ingurua kontatu nahi dugu eta gure inguruan batez ere, errealitate hori dugu. Ez hori bakarrik, baina pisu handia du, eta guri gatazka eta gatazkaren ondorioak axola zaizkigu. Eta gainera orain gatazkaren kontakizunaren gaia dago, eta guk gure erara egingo dugu, gure lanetik eta gure ikuspegitik.