"Berrikuntzaren" eta "nazioartekotzearen aldeko apustua" egiteagatik Irun Ekintzak 2014 sariak eman dizkie epaimahaiak; 12 proiektu aurkeztu ziren denera lehiaketara.
Irun Ekintzan 2014 Sariak
Irun Ekintzan 2014 sari banaketa egin zuten atzo iluntzean Ficoba erakustazokan. Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Miguel Angel Paez Sustapen Ekonomikorako delegatuak parte hartu zuten ekitaldian. Hamabi proiektu aurkeztu ziren denera lehiaketara eta horien artean, lau izan ziren irabazleak. Paezen hitzetan “berrikuntzaren bidea” hartzeagatik eta “nazioartekotzearen aldeko apustua” egiteagatik.
Marisa Arriola epaimahaikideak bere aldetik egitasmoen “kalitatea” nabarmendu nahi izan zuen ekitaldian: “Azken fasean sailkatu diren egitasmoen kalitatea nabarmentzekoa izan da, eta kosta egin zaigu kategoria bakoitzeko irabazlea izendatzea”.
Irabazleak
Plaza de Ideas S.M.ek ideia berritzaileen kategorian irabazi du. “Tokian tokiko eta betiko saltokiak merkaturatzeko proposatutako ideiaren izaera berritzailea, eragin ekonomikoa, Irungo komertzioaren irudiaren hobekuntza eta ideiaren potentziala” azpimarratu zituen epaimahaiak. David Baron enpresako ordezkariak jaso zuen 3.000 euroko saria.
20 lagunetik gorako kategorian Valvulas Zubi S.M. saritu zuen epaimahaiak eta besteak beste nabarmendu zuen: “Egitasmoaren berrikuntza eta heldutasun maila; enpresan aitzindari den produktua hobetzeko egindako saiakera eta aldaketarako ausardia; produktua lehiakorragoa egiteko eta merkatuan duen posizionamendua hobetzeko ahalegina; nazioartekotze proposamena eta, batez ere, gertuko hornitzaileekin aritzeko apustua Irungo industria-sarearen mesedetan”. 3.000 euroko saria jaso zuen Erika Usabarrena ordezkariak enpresaren izenean.
Saritutako ondorengo enpresa Fepako S.M. izan zen. 20 langiletik beherako enpresen kategorian jaso zuen saria. Balioan jarritako ezaugarriak ondokoak izan ziren: “Gabezia bati erantzuteko sortutako produktua izatea, eta produktua sortzeko egindako diseinu, ikerketa eta produkzio lana; eraikuntzako langileen segurtasun baldintzak hobetzeko produktua izatea, beste sektore batzuetara zabaldu daitekeena”. Ainhoa Pachecok eta Iban Oterok jaso zuten 3.000 euroko saria.
Bukatzeko, epaimahaiak Manufacturas Gove S.M. enpresa saritu zuten “proposamenaren kalitatea, izaera ekintzailea, egitasmoaren bideragarritasuna eta produktuaren potentzialtasuna” nabarmenduz. Kasu honetan, Nestor Tolosa eta Javier Gonzalez proiektuaren bultzatzaileak 1.000 euroko saria jaso zuten.