Bihar hasiko da Oiartzunen aurrekontu parte hartzaileen bigarren fasea
Bihartik hilaren 28ra egingo dituzte Oiartzunen 2015eko aurrekontuak osatzeko udalak abiarazi duen parte hartze prozesuaren barruko batzarrak. Prozesu horren bigarren zatiaren barruko deialdiak dira. Lehen zatian, auzoz auzo ibili ziren gobernu taldeko kideak herritarren ekarpenak jasotzen, eta orain, egingarriak diren proiektuak aurkeztuko dituzte. Aurkezpena egin ondoren, auzotarrek erabakiko dute zer egin. Biharko batzarrak Karrikan (20:00etan, Artaso elkartean), eta Iturriotzen (19:30ean, auzoko lokalean) egingo dituzte
Orotara, 2015eko aurrekontuen barruan 160.000 euroko diru partida gordeta du udalak proiektu horiek egiteko. Udalarentzat estrategikoak diren beste hainbat egitasmo atera ziren uztailean auzoetan egindako batzarretan, eta horiek kontuan hartuko dituzte. Horrez gain, beste erakunde batzuekin elkarlanean egin beharrekoak ere aintzat hartuko dituzte, “horiek martxan jartzeko ahalegina egingo da”.