Abenduaren 6an Tolosako babarrunak jango dituzte Jaizubian, helburu solidario batekin. Abay erakundeak hezkuntza programa bat hasi du Walmarako haur artzainekin eta Proyecto Ciclista Solidario taldeak diru bilketa hasi du. Jaizubia Elkarteko bazkide batek horren berri izan zuen eta laguntzea erabaki dute.
Tolosako babarrunak jan, hori da Walmara eskualdeko (Etiopia) Gaba Kemisako herriko haur artzainen alde abenduaren 6an Hondarribiko Jaizubia elkartean egingo dutena. Proyecto Ciclista Solidario talde gipuzkoarrak antolatu du eta bildutako dirua Abay gobernuz kanpoko erakundera (GKE) bideratuko dute.
Lehen aldia da Proyecto Ciclista Solidariok Hondarribian zerbait antolatzen duena, eta Abayrekin ere estreinakoz ari dira. Aurretik, Amigos de Mali elkartearekin lan egin izan dute, eta jarraitzen dute beraiekin. “Proiektuei jarraipena ematen diegu, Amigos de Malirekin horrela egin genuen eta Abayrekin ere gauza bera egingo dugu”, esan du Asier Gurrutxaga antolatzaile taldeko kideak.
Iaz mediku zentro bat eraiki zuten Malin
Malin, 58.000 lagunentzako mediku zentro bat eraikitzen lagundu zuten, eta orain eskola bat egitekotan dira. Etiopian, artzainen komunitate batekin ari da Abay GKEa lanean eta
hezkuntza programa bat abiatu du. Egitasmo horrekin hasi dira Gurrutxaga eta lagunak kolaboratzen, eta hor kokatzen da Jautzubian abenduaren 6an prestatuko duten babarrun jana. Hezkuntza programa da diruz lagundu nahi dutena, eskola utzi duten haurrei eta hezkuntza sisteman aritu ez diren helduei eragiten die, 7 eta 14 urte bitarteko 90 haur eta 40 helduri.
Proyecto Ciclista Solidario taldeari buruz gehiago jakin nai duenak haien
webgunea bisitatu dezake. Besteak beste, Malin eta Etiopian laguntzen dituzten proiektuei buruzko informazio guztia jasota dago bertan. Elkartasun egitasmoak sustatzeko kirola egiteko materiala saltzen dute ere, batez ere txirrindularitza arlokoa.