Breaking Mods enpresak eguberrietako kanpaina lantzeko tailerra eskaini die herriko merkatariei Itsas Etxean. Udalak balorazio positiboa egin du eta bigarren bilera bat izango dela esan du.
Ostegunean egin zuten tailerra, Itsas Etxean
Ostegunean, Gabonetako merkataritza kanpaina prestatzeko tailerra egin zuten Itsas Etxean, udalak antolatuta. Breaking Mods enpresak dinamizatu zuen lan jardunaldia eta herriko merkatari ugarik parte hartu zuen.
Lupe Olaskoaga Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, Gabonetako kanpaina da landu zutena, baina jarraipena izan dezan nahi dute: “Urtean zehar jarraipena izango duen edo eguberrietatik eguberrietara burutuko den kanpaina sortu nahi dugu, eta Hondarribira egokituta bidera litezkeen beste kasu batzuk aztertu. Gainera, merkatari gisa dauden beharren zerrenda bat egin dugu, hala nola seinalizazio alderdiak, irisgarritasuna, eguberrietako argiak eta, oro har, saltzeko nahiz ezagutzera emateko lana erraztuko luketen kontuak”.
Olaskoagak tailerraren balorazio positiboa egin eta berriro elkartzekotan geratu direla erantsi zuen: “Merkatarien jarrera oso ona izan zen, hainbat ideia jarri ziren mahai gainean eta datozen asteetan bigarren topaketa bat mantenduko dugu aurrera egin ahal izateko”.