Bergararekin ere berdindu du Ohorezko Mailako Hondarribiak
Golik gabe bukatu zen atzo Hondartzan jokatutako partida. Azken hiru norgehiagoetan ez du galdu Hondarribiak eta pixkanaka-pixkanaka zulotik ateratzen ari da. Preferentekoek bigarren berdinketa lortu dute, Pasaian (1-1).
Hiru partida jarraian galdu gabe, garaipen bat eta bi berdinketa. Bolada on horrekin aurpegia aldatu zaie Hondarribiko futboleko lehen taldeko jokalariei eta beste animo batekin heldu diote ligari. Izan ere, lehen sei jardunaldietan puntu bakarra lortu zuen taldeak eta ez zen giro Hondartzako aldalekuan.
Baina galdu arren, maila hobea ematen ari zen taldea eta emaitza onak iristeak denbora kontua behar zuen izan. Eta hala izan da. Azaroko lehen partidan Beti Gazteri irabazi zioten berdeek, hortik zortzira Elgoibarren berdindu zuten, eta atzo Bergararekin gauza bera egin zuten. Atzoko puntuaren ondoren, baina, lau batzen dituzte berdeek, eta aurrekoekiko tartea murriztu dute.
Bergararen kontrako partida oso parekatua izan zen. Hondarribiak irabazteko aukerak izan zituen, eta azken ordu erdia jokalari bat gehiagoz jokatu zuen, aurkari batek bigarren txartel horia ikusi eta gero. Bergararrek hezia eraiki zuten area kanpoan eta hondarribiarrek ezin izan zuten markagailua mugitu. Liga hasieran zailtasun asko dituzte berdeek golak sartzeko.
Datorren asteburuan Oñatin jokatuko du Ohorezko Mailako taldeak, Aloña Mendirekin. Etxean jokatutako bost partidetatik bat berdindu, eta bina irabazi eta galdu ditzute oñatiarrek. Azkoagainen, hondarribiarrak puntuatzen saiatuko dira, hileko azken partidan Aretxabaleta liderrak Hondartzara egingo duen bisitari begira moralez indartuta iristeko.
Preferentekoek ere berdinketa
Preferenteko taldeak ere berdinketa lortu du asteburuan. Larunbatean jokatu zuten Pasaian, eta 1-1 bukatu zen partida. Sailkapeneko azken tokian jarraitzen du bigarren taldeak, baina dagoeneko bigarren puntua batu dute.
Datorren asteburuan aukera polita izango dute sailkapenean gora egiteko, etxean jokatuko dutelako Astigarragako Mundarrorekin. Orain arte etxetik kanpo jokatutako lau partidak galdu ditu Mundarrok. Irabaziz gero, sailkapeneko azken postua utz dezake Preferenteko Hondarribiak.