UGT: "Denborak arrazoia eman eta kendu egiten du"
Uztailan Pasaiako Bilduk udalerriko kale garbiketa berreskuratuta hamabost lanpostu berri sortu eta urteko 356.400 euro xahutzeari utziko ziola esan zuen.
UGTkook uste dugu lanpostu berrien sorrerari buruzko adierazpenak, gutxienik, ausarkeriazko hitzak izan zirela, horrek ez duelako esan nahi kale garbiketan hamabost pertsona gehiago lan egingo zutenik, baizik eta, besterik gabe kale garbiketa udalak kontratatutako pertsonalaren esku geratuko zela.
Pasaiako UTEarentzat –enpresa emakidaduna–lan egiten zuten hamasei lagunetatik hamar gaur egun udalak kontratatuta lan egiten ari dira eta beste seiak langabezian izena emanda daude, edota demandak aurkezten enpresa eta udalaren kontra.
Ondorioz, gertatu den bakarra zera da:
1. Hamar langileren kasuan lan emailearen izen aldaketa, lehen UTE Pasaia eta orain Pasaiako udala.
2. Kale garbiketaren bost langileen aldaketa. Hau da, bost langile langabezian geratu dira eta beste bost hasi dira haien lanpostuetan lanean.
3. Lanpostu baten desagerpena.
Bukatzeko, Pasaiako Udal Gobernu Taldeari galdetu nahi diogu, ea epaitegiek beren epaietan langile hauen kaleratzea udalaren ardura dela ebaztekotan, eta lan erreformaren kontra agertu direla kontuan izanik, egin dituzten baieztapenekin kontsekuente izango ote den:
. Tramitazio soldatak beregain hartuko ote dituzten.
Kaleratzeengatik indemnizazioak 45 egunera arte osatuko dituzten, edota langileak berriz hartuko ote dituzten.
Pasaitar guztiek ikus dezaketen bezala, politiko guztiek dute azpijokorako joera, baina zerbaitetan zortea izan da: ez dituzte jardunaldi erdiz kontratatu eta 30 lanpostu berri sortu izanaz harro agertu.
Lanpostuen kalitateari buruz eta aurreztuko den diruaren gainean izango da aurrerago ere hitz egiterik, azken finean, denbora baita arrazoia eman eta kendu egiten duena.