Obraren promozioko irudia
Hiru umorezko antzezlana iritsiko da gaur Itsas Etxea Auditoriumera. Begoña Bilbao da zuzendaria eta Loli Astorekak, Ana Elordik, Miren Gojenolak eta Zuhaitz Gurrutxagak osatzen dute aktore taldea. 20:00etan hasiko da emanaldia eta sarrerak 6 euro balio du. Obra hasi baino bi ordu lehenagotik eros daitezke Itsas Etxeko lehiatilan.
Komedia zoroa da
Hiru, Txaro, Mertxe eta Angelaren istorioa kontatzen duena. Joan deneko hiru hamarkadetan ez dute elkarren berri izan, hain zuzen ikasketak amaitu zituztenetik. Lagun minak, separaezinak ziren, bizitzaren joan-etorrian, bakoitzak bere bide eta esperientziei ekin zien arte. Tenore honetan, berrogeita hamarrak betetzeko trantzean, gauza bat dute argi eta garbi: zein baino zein bakartiago bizi direla, hirurak ere, ama izateko ametsa erdietsi gabe.
Berandu ote? Eta gustuko gizona aurkituko balute? Eta gizon horrek hirurak haurdun utziko balitu? Benetako familia bat osa lezakete… Amesturiko gizon-katxarroarekin egin dute topo eta galdera nagusia dator jarraian: “Hiru espermatozoide utziko al zenizkiguke?”.