Larunbatean konpositore hondarribiarra omenduko dute parrokian. Bere zuzendaritzapean aritutako hainbat abeslari elkartu dira, Mirada Azul abesbatza sortu dute eta kontzertu berezia antolatu dute. Zortzi abesti entzungo dira, bost omenaldirako propio sortuak, horietatik bat Bustorena, Salve .

Xatz korua zuzentzen, 25. urteurreneko entsegu batean
Javi Busto konpositore hondarribiarrari omenaldia egingo diote larunbatean Alde Zaharreko eliz parrokian, 20:00etan. Arrazoi askorengatik kontzertu berezia izango da, Busto omentzeko balioko duelako, horretarako berak zuzendutako abesbatzetako kideak elkartu direlako, eta entzungo diren zortzi konposizioetatik bost egun horretan bakarrik entzungo direlako:
Hitzak (Eva Ugalde),
Maiteagoak (Xabier Sarasola),
Pater Noster (Junkal Guerrero),
Ubi caritas et amor (Josu Elberdin) eta Javi Bustoren beraren
Salve kanta. Horiez gain, Bustoren beste hiru konposizio kantatuko dituzte,
Tres nanas cántabras,
Ez nau izutzen elhurrak eta
Misa San Francisco Javier.
Begirada Urdina abesbatzak kantatuko du larunbat arratsean Kale Nagusiko tenpluan. Egun horretarako propio sortutako taldea da Begirada Urdina, Kanta Cantorum Koruko emakume abeslari batzuk eta egungo KUP Taldean abesten dute zenbait gizonek osatzen dutena,
Hondarribia Ametsetan disko koralean parte hartutakoak. Bost lagun ariko dira taldea zuzentzen, pieza bakoitza bere konpositoreak zuzenduko baitu. Hala, omenduak emango du emanaldiaren zati handiena atrilean.
Musikari afizioz, eta medikua lanbidez —Lezon ari zen lanean—, iaz jubilatu zen Busto, eta orduan hasi zen bera omentzeko ideia gauzatzen. Musika koraleko izen handiak aritu dira larunbateko omenaldia prestatzen, hondarribiarra oso gertutik ezagutzeko aukera izan dutenak: Moira Ceberio, Josu Elberdin, Junkal Guerrero, Aitor Imaz, Xabier Sarasola, Eva Ugalde eta Bustoren emaztea, Maria Luisa
Maruchi Vega.
Antolatzaileen hitzetan, “bere konposizio koralek ereduak hautsi dituzte, bai difusioari dagokionez, baita salmentetan ere. Bere ibilbide luzean zehar zuzendu dituen abesbatzek mundu osoan zehar bidaiatu dute, euskal musika korala maila gorenera eramanez”. Besteak beste, Bustok Eskifaia abesbatza sortu zuen emaztearekin 1978an, eta hamasei urtez zuzendari jardun zuen. Tarte horretan, bere pieza ezagunena konposatu zuen,
Ave María (1984), 50.000 kopia saldu dituena. Eskifaia utzi eta gero emakumeen Kanta Cantemus Korua sortu zuen, eta ondoren JB Korua, Kanta Cantemuseko kide batzuekin.

Busto, orfeoiaren saria jaso zuenean
Eskifaia nahiz Kanta Cantemusekin sari asko irabazi zituen Bustok, eta banakako aipamen bereziak ere izan ditu bere ibilbide luzean zehar, hala nola, Hondarribia Hiriko Urrezko Intsignia (1999 urtean), edota ibilbide oso bati Donostiako Orfeoia-Euskal Herriko Unibertsitatea saria (2012an). Medikuntza utzi eta gero ez du baztertu musika zaletasuna. Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketako epaimahai buru da eta aurten bertan, urtarrilean, Aqua Lauda emakumeen abesbatza sortu du.
Omenaldia eta gero, liburua
Hil gutxi barru, Javi Bustori buruzko biografia baimendua argitaratuko dute. Elena Gonzalez Correcher filologo eta koralista ari da idazten eta Bustorekin harremanetan dago duela hiru urtetik horretarako.
Gonzalezen hitzetan, hondarribiarraren “ibilbide humano eta musikala” jasoko du liburuak, eta “pasarte nobelatuagoak eta konpositorearen eta idazlearen arteko elkarrizketak, edo konpositorearen hitzetan jarritakoak” uztartuko ditu. Liburuarekin, “eredu eta erreferente izan den konpositorearen pasioz beteriko bizitza balorean jarri” nahi du Gonzalezek.