Komunikabideetara bidalitako ohar batean jeltzaleek jakinarazi dute "merkatariekin, emakume elkarteekin eta enpresekin" bilkurak egin dituztela "ekonomia suspertzearen eta irundarren ongizatearen hobekuntzan oinarritutako hiri proiektuaren" lanketaren harira. Halaber, Markel Olanoren bisita prestatzen ari direla adierazi du Irungo EAJk.
Olano eta Iridoy ekainean Plaiaundira egindako bisitan
EAJren Udal Taldea buru-belarri murgilduta dabil Irunerako prestatutako
Kalez kale, etxez etxe izeneko hiri proiektuaren iniziatiban. Bilerak egin dituzte horretarako “merkatariekin, emakume elkarteekin eta enpresekin beren beharrak, kezkak eta ekarpenak entzuteko”. Era horretan “ekonomia suspertzearen eta irundarren ongizatearen hobekuntzan oinarritutako hiri proiektua” bultzatu nahi dute jeltzaleek.
Ildo horretan, erakundeen arteko “koordinazioa” bultzatu nahi du Irungo EAJk. Hori dela eta, Markel Olano batzarkidearen eta EAJren Gipuzkoarako hautagaiaren bisita antolatzen ari dira. “Irunerako oso garrantzitsuak diren hainbat gai jorratu nahi ditugu berekin, hala nola, bertako enpresa txikiek zein handiek bizi duten egoera, bide azpiegituren gaia, gizarte politikak eta guretzat estrategikoak diren proiektuetan Diputazioaren inplikazioa nahi dugu”, adierazi du Xabier Iridoy Irungo EAJren Udal Taldeko bozeramaileak. Hori horrela, hainbat eragilerekin hitzorduak finkatzen ari da Iridoy.