Alternativa Republicana, Equo eta Ezker Anitza-IU dira iniziatibaren sustatzaile eta partaideak.
Irabazi-Ganemos Pasaia gizarte eta politika iniziatiba ibiltzen hasi da udalerrian. “Ezkertiarren, ekologisten, eta errepublikanoen” batura batetik abiatu dela esan dute iniziatibako ordezkariek, baina iniziatiba, hori baino “askoz gehiago” izatea nahi dute, eta gizarte eta kultur eragileei gonbidapena egin diete bertako kide izateko, “beti bakoitzaren nortasuna mantenduz, espazio berriak eraikitzeko, bakoitzak eman dezakeenaren batuketa aritmetikoetatik harago”. Hiruko batek osatzen du iniziatiba: Alternativa Republicana, Equo, eta Ezker Anitza-IU.
Atzo arratsean aurkeztu zuten bere burua Irabaziko kideek. Eta euren oinarri sozialaren berri emateaz gain, zertan lan egingo duten adierazi zuten. Horrela, gizarte gaietara indar gehien bideratuko dutela adierazi zuten, esanaz, etxebizitza duina ziurtatuko duten, hezkuntza denentzat izango den, berdintasuna bermatuko den, jendearen ongizatearen alde lan egingo den, eta gizarte “injustiziekin” bukatuko diren udalerriak nahi dituztela. Eta bide horri ekiteko bidea “demokrazia deszentralizatua, parte hartzailea, gizarte kontrolekin, herri galdeketekin eta aurrekontu adostuekin” dela esan zuten.
Hartara, iniziatibaren printzipioetara iristeko bidea aurrekoa dela adierazi zuten, printzipioak hauek izanik: “Demokrazia, gardentasuna, parte hartzea, feminismoa, eta aniztasuna”.
Behean, iniziatibaren programa ikus daiteke (PDF artxiboa da, elebitan dago).
Irabazi-Ganemos. Oinarri programatikoak