Errenteriako bosgarren edukiontzia "iragarritako porrota" da Eguzkirentzat
Erabakia alderdi politikoen "kalkulu elektoralen arabera" hartu dela esan du talde ekologista eta antinuklearrak, eta ziur dago "emaitza eskasak" lortuko dituela. Eredua inguruko herrietan dagoela esan dute.
Oarsoaldeko Eguzkiren arabera, Errenteria-Oreretan urtarrilean ezarriko den borondatezko bosgarren edukiontzia “iragarritako porrota” da, eta erabakia “alderdi politikoen kalkulu elektoralei begira” hartu dela adierazi du, “eta interes horiek, hondakinen gestioan benetako aurrerapausoak emango dituen sistemen garapena galarazten dute”. Horrela, edukiontzi hori ezartzeak, “gure etxeko ekonomia zigortu”, eta “ingurumenari bete-betetan erasotzen” diola ziurtatu du talde ekologista eta antinuklearrak.
Udalari ekonomikoki merkeagoak, ingurumenarekiko jasangarriagoak, eta gizartearekiko arduratsuagoak den beste hondakin kudeaketa bat ezar dezala eskatu dio Eguzkik, “bide horretan, ezin dugu ulertu bosgarren edukiontzia ezartzea, hondakinen beste kudeaketa baterantz doan beharrezko pauso bezala ez bada”. Horrela, “erabaki eznahiko” horren aurrean, “udaleko gestoreek” jarreraz aldatu beharko dutela uste du Eguzkik, “neurri ausartagoak hartuko dituzte”, ziur baitaude bosgarren edukiontziak “emaitza eskasak” emango dituela.
Eta begia inguruko herrietako ereduetan jarri du taldeak, esanaz, %85eko birziklatze tasak lortzen dituztela Oiartzun, Hernani, Pasaia, Astigarraga edo Lezok, “eskarmentuak hemen ditugu, gure inguruan, eta emaitzak ukaezinak dira. Merkeagoak, eraginkorragoak, eta baliabide gutxiago xahutzen dituzten esperientziak dira, eta ingurumen ikuspegitik, negutegi efektua duten gasen isurketa proportzio handian gutxitzen dute”. Zentzu horretan, Eguzkik gogora ekarri du Errenteriako Udala idazten ari den Energia Berriztagarrien Ekintza Plana: “Horrek irmoki dio, bertan jasota dago, negutegi efektuko gasen isurketa %65ean murriztu behar dela”.
Errenteria-Oreretan birziklatze tasa, egun, %32koa dela ziurtatu du Eguzkik, eta borondatezko bosgarren edukiontziarekin %38-40ra iritsiko litzatekeela tasa hori, “zero zabor helburutik oso urrun. Beste era batera esanda, berdinetik gehiago. Birziklapenerako bi abiadura ezarriz, kontzientzia dutenek organikoa birzikla dezatela, eta besteek nahi dutena egin dezatela zaborrarekin”.