PSEk egindako kritikak "urduritasuna, memoria koherentzia eza" islatzen duela uste du Jose Manuel Ferradas Ezker Anitzako zinegotziak.
PSEk egindako kritikak “urduritasuna, memoria koherentzia eza” islatzen duela uste du Jose Manuel Ferradas Ezker Anitzako zinegotziak, “eta memoria faltak gauza faltsuak adieraztera eramaten ditu”. Horrela, koalizioak “boterea ukitzeko” bokaziorik ez duela ziurtatu du Ferradasek: “Orain dela zazpi urte PSErekin gobernatzeari muzin egin genion, programa, ideia eta proiektu faltagatik. Duela hiru urte, ez ginen eurekin eseri ere egin. Ez zuten aztertu zergatik galdu zuten alkatetzea, eta berdin dihardute”.
Horrela, sozialistei “nahi dutena esateko eskubidea” onartu die, “baina errenteriarrek badakite Ezker Anitzak ez duela EAJ, PP eta PSEren tasa eta zergen proposamena onartu”. Gainera, beste hainbat bozketa gogorarazi ditu Ferradasek: “Sare publikoan integratua ez dagoen ikastetxe bati onura emango zizkion akordio baten aurka bozkatu genuen, PSE-EEk eraikin publiko bat oparitu nahi zion ikastetxe horrena. Bildu eta EAJren aurrekontu proposamenak ez ditugu babestu. Ñabardura identitarioak zituzten moziorik ez dugu babestu…”.
PSE-EE Atlantikaldia kritikatu izana gaitzetsi du Ezker Anitzako zinegotziak: “Argazkian, alkatearen ondoan agertzeko borrokatu ziren”. Horrez gain, Dantzagunearen proiektuaren kontra bakarrik geratu direla egotzi die.
Hondakinak
Hondakinen kasuak ere izan du hizpide Ezker Anitzako zinegotziak: “PSEk bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenentzako hobariak ezabatu zuen beren tasen proposamenetik; udal batzordeetan edukiontzia ezartzea oztopatzen saiatu da; San Marko Mankomunitateko arduradunek —PSEkoak eurak— zabortegiko errepidea konpondu nahi ez izatea ezkutatzen dute…”. Horrela, Beraungo bizilagunak omentzeko proposamena ez du begi onez ikusi Ferradasek: “Mankomunitateak hondatutakoa konpontzea baino omenaldi hoberik ez da. Gainera, udalari erantzukizuna leporatu nahi izan diote”.
Mankomunitateko edukiontziei buruz, zinegotziak aipatu du “dohainik” direla, “baina hondakin organikoaren kudeaketa osoa mankomunitatearen esku uztearen truke. Udalerri guztien artean ordaindu beharko litzake, gainera”. Sozialistei galdetu die ea Pasaiako edo Oiartzungo atez ateko bilketa jasoko luketen.
Azkenik, euren “askatasun ezagatik” arduratzeagatik “eskertu” dute PSE-EE: “Euren kezkak ez du errealitatearekin zerikusirik. Errenteria hobearen alde egin dezaten iradokitzen diegu, baina hauteskunde kalkuluengatik aspaldi hartu zuten baja zeregin horretan. Apustu hori berriro egiten badute, bidelagun izango gara”.