‘Ana Izura… Gasparren eskutik’ aurkezpena
Gaspar Montes Iturrioz eduki zuen Ana Izurak maisu gisa pintura ikasketak burutzen zituenean Bidasoko Marrazketa eta Pintura Eskolan. Ikaslea irakasle bihurtu zen urteen poderioz eta orain, Izuraren margolanak eta Montes Iturriozen zenbait obra bildu ditu lehenak
Ana Izura… Gasparren eskutik izenpeko erakusketan.
Izurak bere bilduma propioan gordetako koadroak baliatu ditu horretarako; baita zenbait norbanakok, San Telmo Museoak, Kutxa Fundazioak eta Irungo Udalak utzitakoak ere, eta denera, 50 bat margolan erakusgai jarri ditu Mentxu Gal aretoan.
Erakusketa bi zatitan banatuta dago. Areto txikian, Izuraren eta Montesen margolan errealistagoak eta figuratiboak ikus daitezke, eta erretratuak eta gizatasuna eskutik helduta doaz lan horietan. Areto handian bestalde, oliozko paisaiak, grabatuak, serigrafiak eta diptikoak ikus daitezke. Izuraren obraren eboluzioa agerian gelditzen da bertan.
Jarduera paraleloak
Erakusketaz gain, Ana Izuraren ikasleek mahainguru batean parte hartuko dute hilaren 14an. Bertan izango dira Izuraz gain, Lauren Etxepare, Pia Alzaga, Aitor Espie, Olatz Ocerin eta Fernando Garcia. 19:00etan hasiera emango diote solasaldiari.
Bestalde, bisita gidatuak izango dira abenduaren 18an eta urtarrilaren 29an ostegunarekin biak, 19:00etan.
Erakusketa otsailaren 15era arte zabalik izango da. Bisita ordutegia ondokoa da: ostiraletan eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.
Inaugurazioa gaur 19:00etan izango da.