Izuaren Ibilbidea antolatu du 10. urtez Santiagoko Deabruak Kultur Elkarteak. Antzerki baten antzera, orotariko pertsonaiak izango dira izua eta suspensea erakustazokan zehar bultzatzen.
Beste ekitaldi bateko argazkia. Irudia: Santiagoko Deabruak
Santiagoko Deabruak Kultur Elkarteak 10. Izuaren Ibilbidea antolatu du etzirako larunbatarekin. “Izuaren eta suspensearen mundukoak diren pertsonaiak” ikusteko aukera paregabea izango dute 18:00etatik 22:00ak bitartean Ficoba erakustazokaraino hurbiltzen diren lagunak.
Elkarteak jakinarazi duenez, 30 lagunetik gora ariko dira pertsonaia ezberdinen rola betetzen eta hurbiltzen diren interesatuekin elkar eragiten. 200 metrotan zehar banatuko dira pertsonaia horiek. Hala, 10. ekitaldia bete dutenez, “pertsonaia berriak, ibilbidearen girotzea, efektu berriak…” ikusgai izango dira aurtengoan.
Sarrerak 2 euroko prezioa dute eta Gazte Informazio Bulegoan salgai egongo dira bihar arte. Gelditzen direnak Ficobako leihatilan eskura daitezke.