San Juan Plazatik abiatuta jai giroan joango dira Zabaltza plazaraino. Bertan ekitaldia egingo dute.
Joan den larunbatean 800 kandela baino gehiagorekin Kataluniako estelada irudikatu ostean, Kataluniako herri kontsultaren aldeko aldarria egingo du beste behin, larunbatean, Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko Irungo herritar taldeak. Horretarako 13:00etan San Juan plazatik irtenda Zabaltza plazaraino hurbilduko dira, antolatzaileek zehaztu dutenez “jai giroan”. Zabaltzan bertan egingo dute Kataluniako galdeketari eta erabakitzeko eskubideari elkartasuna adierazteko ekitaldia.
Modu batez, “gaur katalanak sentitzen” direla esan dute ekitaldiaren antolatzaileek, “Euskal Herriak, erabakitzeko eskubideari dagokionez, luzaroan jasan duen ostrazismo bera pairatzen duenarenganako enpatiarengatik». Katalanek beren erabakitzeko eskubidea gauzatzen badute ez duela soilik herri katalanak irabaziko argi dute gainera, “guk ere irabaziko dugu, baita demokraziak ere noski”. Kataluniak egindako bidean ezinbestekoa izan dela gizarte zibilaren mobilizazioa esan du bestalde Irungo taldeak, “hori da klabea, horrek behartu ditu politikoak kontsultarekin konpromisoa hartzera. Eta hori da Euskal herrian jarritu behar dugun bidearen adibidea”.
Irungo taldeak herritar guztiak deitu ditu larunbateko ekitaldiarekin bat egitera