Beti Gazteren kontra 1-0 irabazi du, Oliveriren gol batekin, eta sailkapeneko azken postua utzi du. Datorren astean Elgoibarren kontra jokatuko du taldeak, kanpoan.
Beti Gazteren konrako partidako une bat
Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak dagoeneko badaki zer den kolpetik hiru puntu irabaztea, lehen garaipena lortu baitzuen larunbat arratsaldean Hondartzan, Beti Gazteren kontra (1-0). Gol gehiago sartzeko aukera izan zuten berdeek, eta 45. minutuan sartu ere sartu zuten, baina epaileak kendu zien, aurrelaria jokoz kanpo zegoelakoan. Azkenean, gol bakarragatik izan bazen ere, garaipena etxean geratu zen, eta jokalariek aste honetako entrenamenduak beste lasaitasun batekin burutu ahal izango dituzte.
Larunbateko partida irabazi eta sailkapeneko azken postua utzi du Hondarribiak, Antzuola aurreratu baitu. Debagoienekoek 3 puntu dituzte, eta 4 Hondarribiak. Hurrengo helburua Ostadar edota Anaitasuna harrapatzea izango da, 15. postuan baitaude 7 punturekin.
Datorren astean Elgoibarren jokatuko dute berdeek. Sailkapeneko erdialdetik gora dago Elgoibar taldea, zazpigarren, jokatutako zortzi partidetatik lau irabazita. Sailkapena ikusita partida zaila dirudi, baina azken bi partidetan maila ona eman du Hondarribiak, eta gainera, beste ilusio batekin joango dira, larunbatekoa eta gero.