Ezker Anitza "Koherentzia eskatzen diogu PSE-EEri, gizarte zerbitzuak finantzatzeko garaian"
Alde batetik neurri sozialak babestea, eta, bestetik,
Ezkerreko koalizioak sozialistei leporatu die gizarte zerbitzuak mantentzearen alde egon, “eta aldi berean diru bilketa murriztea defendatzea”. Euren ustez, “diru gehien duenak gehiago eman behar du”. Horrela, BEZa bezalako zergak arbuiatu dituzte, “aberats eta pobreak bereizten ez dituelako”. Ildo beretik, Errenteriako Udalbatzak hainbat tasa jaistea gaitzetsi du Ezker Anitzak. “Eskuindartzat” jo dituzte zerga horien ezarpena.
PSE-EEk, lehengo asteko udalbatzarrean, energia pobreziaren kontra mozioa aurkeztu zuela gogorarazi dute, eta horren harira, argia ordaindu ezin duten familia askok udalen babesa jasotzen dutela jakinarazi dute. “Pleno horretan, PSE-EEk, EAJk eta PPk tasa batzuen beherapen orokorra babestu zuten, eta OHZren errekargoa kentzea onartu zuten. Horregatik, Errenteriako Udalak 200.000 euro gutxiago jasoko ditu”, adierazi dute.
EAJren eta PPren jarrera “ulertzen, baina ez partekatzen” dutela esan du Ezker Anitzak, baina ez sozialistena. PSE-EE azkenaldian neurri sozialak bultzatzen ari direla azaldu du, “baina ez dute esaten nola finantzatuko diren”. Euren ustez, jarrera horretan hauteskundeei begirako logika ezkutatzen da. “Hau al da PSE-EEren politikaren koherentzia?”, galdetu dute.