350 kirolarik parte hartu dute I. Beñat Elzo Mendi Lasterketan —eremu babestuan egin izanagatik, mugatua zen— eta 600 herritar baino gehiago familien proban. Diru guztia Sanfilippo gaitzaren ikerketara bideratuko dute.
Gonzalo Carrion, besoak zerura altxata helmugara sartzerakoan
Zientoka hondarribiar elkartu da gaur kirol kaian Beñat Elzorekin gogoratzeko eta Sanfilippo gaitza duten haurren aldeko diru ekarpenak egiteko. Iaz, gaurko egunez hil zen arraunlari ohia, Jaizkibel mendiko Talaia bidean entrenatzen ari zela, eta inguru horretatik pasatu da bere omenez egin duten I. Beñat Elzo Mendi Lasterketa.
Gaztearen lagunek eta azken asteetan hurbildu zaizkien boluntarioek antolatu dute proba eta parte hartu dutenek hutsik gabeko antolakuntza nabarmendu dute. Hainbeste jendek lagundu du, antolatzaileek ez direla gai izan boluntario kopurua zenbatzeko. Korrikalarien artean, Elzoren ondoan traineruan ibilitakoak edo Erlaitz Mendi Elkarteko taldekide mugalariak izan dira, baita Elzoren lagun koadrilako batzuk, helmugan hunkituta sartu direnak.
Hamar kilometroko lasterketaz gain, kilometro eta erdiko familientzako proba antolatu dute eta 600dik gora herritarrek eman dute izena. Bildutako diru guztia Sanfilippo gaitzaren ikerketarako izango da.