Port Hondarribia
Hondarbia, Hondarbia txol herri eder garbia Bartzelonako olinpiadak ez ttuk haueken erdia… abesten zuten Hondarribiko gazteek duela hogei urte. Katalunia egunerokoa egin zaigun garaiotan, olinpiadei baino Bartzelonak jasotzen dituen turistei begira jar gintezke. Neurri eta kopuruetan konparagarriak ez diren arren, biak turismo hiriak baitira.
Euskal Herriko beste txokoetan bezala, Hondarribian ere turisten kopurua gorantz doa etengabe. Hala adierazten digute behintzat, aurtengo udak oso datu onak utzi dituela. Baina, maiz gertatzen den bezala, datu eta zenbaki hauen atzean errealitatearen zati garrantzitsu bat ezkutatzen da, eta errealitate horri erreparatzen ez badiogu gure begi aurrean, bat-batean, leher daiteke. Bartzelonan dagoeneko gertatu da. Gorka Bereziartua kazetariak Argia-n gogoratzen digun bezala, hiria gainezka egiten ari da. Komunikabideetan ikusi ditugu Barceloneta edo Sagrada Familia inguruko bizilagunen protestak, eta Eduardo Chibásek zuzendutako Bye Bye Barcelona dokumentalak turismoaren datu ekonomiko horien atzean kukututa dagoen Bartzelonako herritarren haserrea eta ezinegonaren arrazoiak argi agertzen digu.
Hondarribian ere alarma pizteko moduan egon gaitezke. Kaleak ez ditugu Sagrada Familian bezain masifikatuak, baina batzuetan zaila da turista artaldeen artean aurrera egitea. Ez ditugu, Barcelonetan bezala, gazte atzerritarrak kaleetan mozkorkerietan eta liskarretan ikusten. Baina Portuko kaleak berritu eta txukun utzi ondoren tabernek espazio publiko handiagoa hartu dutela ikusi dugu. Baten batek udaberrian idatzi zuen bezala: nola da posible espaloiak zabaltzea eta oinezkoentzat tokia gutxitzea? Gure turistak ez dira nerabeak, ez dira kalean bilutsik ibiltzen. Gureak terrazetan paella eta gintonic-ak kontsumitzen dituzten helduak dira. Hondarribian ez da manifestaziorik egin, baina San Pedro kaleko, Kai Zaharreko edo Butroi pasealekuko bizilagun asko haserre nabaritzen ditugu tabernen musika, ordutegiak eta arauak betetzen ez direlako.
Beharbada, Hondarribiak nahi duen turismo eredua pentsatzeko ordua iritsi da. Nolako hiria irudikatzen dugu? Kanpora begirako hiria, baina bertan bizi denari bizkar emanda? Epe motzeko etekin ekonomikoari begira dagoen hiria? Kontsumo, entretenimendu eta masa turismoari zuzendutako hiria? Galdera horien erantzuna baiezkoa bada, apustu sendo eta erabatekoa egitea proposatu nahiko nuke: Port Hondarribia Hiri Tematikoa sortzea.
Jaizkibel magaletan mendi-errusiar ikaragarria eraiki dezakegu, Shambhala eta Dragon Khan baino handiagoa. Kai Zaharrean Tuku-Tuku Splash dotorea jar daiteke, enborren ordez txintxorroak erabiliz eta, Arma Plazan eta Harresiko zelaietan musika, soinu eta argi ikuskizun historikoak egin ditzakegu; halako antzezpenetan ohituak baikaude.
Hondarbia, Hondarbia txol herri eder garbia Bartzelonako turistak ez ttuk haueken erdia…