Atlantikoaren bazter honetan
Bi kaiok planeatzen dute txilioka goizaldean gure etxe aurrean. Bitxia irudi lezake ikuskizunak. Zenbaitetan ikusiak ditut Foru plazan, uso artean, jendeak utzitakoen peskizan.
Ez dut gogoan txikitan, ezta handiagotan ere, kaiorik ikusi izana gurean. Hegazti horiek, guretzat, itsas txoriak ziren. Geroago, San Markoko zabortegiaren jira-bueltan egingo ziren ezagunak. Horiek beste motibazio bat zuten, ordea, itsasoko urak utzi eta mendialdera jotzeko.
Kaioak ezagutu eta askoz geroago jakin nuen Oreretak itsasoarekin izan zuen lotura. Eta orduan kokatu nituen Erdiko eta Beheko kaleko etxeetako armarriak, Kapitainaren Etxea… Aho zabalik geratu ohi da oraindik bat baino gehiago Foru plazan kaia zegoela entzutean edo Kapitanenea kalearen amaieran, Biteri eskolen aurrealdean, herria babesten zuen harresiaren ateak Itsasoko Atea izena zuela, udaletxetik beherakoak Arrabalekoa eta abar aipatzerakoan; herrian zeuden ontziolak edo nabigatzaileen istorioak ezagutzerakoan.
Eta aho zabalik geratzen da bat, artean, gure herriaren iraganaz eta ondareaz zein gutxi dakigun ikustean.
Ingurumari horretan iritsi da Atlantikaldia, Atlantikoko herrien musika eta kultura jaialdia: Orereta, lehen aldiz, Atlantikoak lotzen dituen herrien topagune, lekuko eta eszenatoki bilakatu duena. Jaialdian, Portugalgo, Quebekeko, Frantziako, Marokoko, Irlandako eta Euskal Herriko musika taldeak aritu ziren. Haiekin batera, herriko hainbat taldek eta eragilek jardun zuten dantzan, bertsotan, kantuan, eskulanean eta abar.
Bereziak izan ziren egun haiek. Egutegiari erreparatu ez zionak pentsa zezakeen Madalen Jaiak zirela. Kaleak moztuta zeuden moduagatik, egiten zuen giroagatik, ibai inguruko plazetan zeuden ikuskizunengatik, eta kaleak bete zituztenek zuten jai gogoagatik.
Lagunartean ari gara norberak sentitutakoak adierazten: urliak dio gustua ematen zuela kalean jende artean ibiltzea; sandiak, berriz, egun horietan ohartu zela Atlantikoko parte garela eta zenbat herri dauden ozeano handi horren bueltan: Afrikaraino eta Ameriketaraino!; belandiak dio, gurea bezalako herri batean izandako halako gertakariak zein oihartzun gutxi izan duen komunikabideetan. Edonola ere, pozik daude egun horietan bizitakoarekin.
Nik Hamdacha +Dj Click ikusteko aukera izan nuen: marokoar taldea eta DJ frantziarra. Baina musika erlijiosoaren eta elektronikoaren baturak baino gehiago bereganatu zuen nire arreta kontzertuan gertatu zenak.
Jende artean arabiar emakume talde bat zegoen eserita. Erraz ezagutzen ziren ikusleen artean, beren jantziengatik eta burukoengatik. Tarteka, kanta eta kanta artean, haiek ere kantatu egin zuten, eta agertokitik artista marokoarrek erantzun egin zieten irrintzika. Hunkigarria izan zen. Eta ederra iruditu zitzaidan emakume haiek gainerako herritarren ondora erakarri zituen iniziatiba: ni neroni aurretik ez nintzen topatu haiekin batera sekula.
Jaialdiak Atlantikoko herrien musikak eta kulturak lotzea baino zerbait gehiago lortu duela uste dut. Orain arte, bakoitzak bere tradizioaren eta kulturaren erakustaldiak «bereentzat» egin dituela esango nuke: zenbat herri dauden Oreretan, Atlantiko handi bat dirudi, bakoitza ozeanoaren alde batean, bere kaian. Balio bezate gisakoek gure arteko zubiak eraikitzeko, eta gehiagotan ikusteko han bizitakoa: arraza, pentsamolde, kultura eta nazionalitate askotariko jendea elkarrekin; herri gisa aurrera egiteko bide egokiena baita.
Irailak, dudarik gabe, itsas zaporea izan du Oreretan. Atlantikaldiaren aurretik Hibaikako neskek egindakoa handia izan baita: Hibaikako Madalen trainerua, oraingoz herrian dugun ontzi bakarra!
Mendeetan itsasoari bizkar emanda bizitu bagara ere, uda hondarrean itsasoari begira jarri ote garen… itsas txoriak zure buru gainean txilioka planeatzen ikusten badituzu, gu gure arbasoek itsasoarekin zuten lotura berreskuratu nahian gabiltzan gisan ibiliko dira haiek ere, akaso, beren arbasoen lurren eta itsasoen bila.