Hondarribiko Abiyuanek hartu-emana antolatu du Valentziako L'Aixequella txarangarekin. Ostiralean elkar ezagutzeko aukera izango dute eta larunbaterako egun osoko festa iragarrita dago, herri bazkari eta guzti.
Ostiral eta larunbaterako lehenengo Hondarribiko I. Txaranga Hartu-emana antolatu dute Abiyuanekoek. Arraun Elkarteko traineruek banderak irabazten dituztenean harrera girotzen ditu txarangak eta iaz hamar urte bete zituzten eta egun oso bat hartu zuten hori ospatzeko. Baina asko izan dira gehiago eskatu zietena, zerbait irekia prestatzeko. Bada, horiek ez dira oraingoan kexatuko, larunbatean dena emango baitu berriro herriko txarangak, oraingoan herri bazkari, gonbidatu eta guzti.
Bihar da azken eguna bazkarirako izena emateko (Kai Alden, Alzagan eta Klink elkartean egin daiteke). Javi Sanz Abiyuaneko sortzailearentzat “egun polita izango da”, eta konpartitu nahi dute. Lan handia egin dute jardunaldiak prestatzeko. Godellako (Valentzia, Herrialde Katalanak) L’Aixequella txaranga gonbidatu dute eta hogei bat kanta elkarrekin prestatu dituzte. Ostiralean haiekin pasako dute eguna eta larunbatean elkarrekin joko dute, jaientzat, eta herriarentzat.
Urteurrena bukatzeko ekitaldia, edo zer da prestatu duzuen hartu eman hau?
Joan den urtean prestatu genuen egun izugarri hori, oso ondo pasatu genuen, baina gelditu zen pixka bat eskasa herri guztiak parte ez hartzea. Mundu guztiak esaten zigun, jo, herri bazkaria behar dugu. Urtean zehar egondu ginen pentsatzen 11. urteurrena egitea ez zeukala zentzurik, beste aukera bat bilatu behar genuela. Horregatik hasi ginen bideratzen alde honetatik. Urteurrenekoari beste buelta ematea da, herriari zabaltzeko.
Zentzua badu, txaranga herriari begira sortu zenutelako…
Hori da, gainera urtean zehar ez dugu hainbestetan jotzen, lau edo bost alditan. Horregatik, beste egun batean kalera ateratzea izango da eta jendeak ikustea lana dagoela atzean, eta ondo pasatzeko gogoa dugula, hori ondo dago.
Nola jarri zineten harremanetan L’Aixequellakoekin?
Gurekin jotzen duen neska batek Musikenen ikasten du eta egun batean berarekin ikasten duen neska bat ekarri zuen entsaiora, Valentziakoa, oso jatorra, ‘crack’ bat, bere herrian txaranga batean jotzen zuena. Hizketan hasi ginen eta anaia eta ni haien herriko jaietara gonbidatu gintuen, falletara, txaranga giro izugarria dagoela esan zigun. Nik ezin eta anaia joan zen eta han, Valentzian, denek esaten zioten etorri behar zutela, eta berak erantzun zien zerbait muntatu beharko genuela. Anaia eta biok, neska hori, eta bere txarangako beste bi partaide hasi ginen ikusten zer egin genezakeen. Eta horrela geratu ginen: ‘aurten zuek etorri honera eta hurrengo urtera begira saiatuko gara mugitzen gu hara joateko’.
Partituren elkartrukea egin dugu. Beraiek gutxiago dira, hamar edo hamabi normalean, haize eta egur tresna gehiago dituzte, guk metal gehiago, baina azkenean musika musika da eta denek jo dezakegu berdina.
Ostirala elkar ezagutzeko izango da, musika tresnarik gabe egoteko.
Bai, programan jarria dago jendeak ikusi dezan larunbatekoaz aparte beste gauza gehiago daudela, eta nahi duena ostiralean agertu daiteke, arazorik gabe. Baina bai, elkarrekin egongo gara, haien bila joango gara, Arma Plaza Fundazioak gida bat utzi digu eta herria erakutsiko die, bueno digu, Guadalupera joango gara bazkaltzera, hondartza ikusi… Gero elkarrekin entsaioa eta afaldu. Zuk esan bezala, elkar ezagutzeko izango da.
Eta larunbatean, konpartitu duzuen hori entzuteko aukera izango da?
Bai, larunbatean goizean elkarrekin joko dugu, guk beraien kantan ikasi ditugu eta beraiek gureak. Bazkariaren ostean ere kafean zerbait joko dugu giroa sortzeko, eta arratsaldean ere egongo da, ez pike bat bezala, baina bai igual batek kanta bat jo, besteak beste bat, elkarrekin beste bat, horrelako zerbait. Azkenean hogei bat pieza joko ditugu elkarrekin eta hori lan handia da. Partiturak bidali, landu, entseatu… Nik uste polita geldituko dela.
Jendea animatzen ari zarete herri bazkarirako izena eman dezaten. Zer esango zenieke? Zein giro egongo da bazkarian eta bazkariaren ostean?
Ostegun eguerdira arte eman daiteke izena. Bazkaria Klink elkartean izango da, bertan egiten dituztenen antzerakoa, Caritasen alde eta abar egiten dutenean bezala. Bazkari bikainak prestatzen dituzte Klinken. Horietan gu kafera joan izan gara jotzera, zerbait animatzera. Azkenean musikarekin jende guztia animatzen da, eta guk musika klase asko jotzen ditugu, herrikoiak, rock arregloak… Giro polita sortuko da. Gero jaistea Portura kalejiran eta hemendik jotzea tabernaz taberna polita izango da, gainera guri tabernek ematen digute laguntza guztia. Guk beti harrera oso ona izan dugu, uste dut jendeari gustatzen zaiola egiten duguna.
Iaz jendea etorri zitzaigun urteurrenean hau eskatzeko eta jendea animatu nahi dut etortzeko. Gauean elkartzen direnak ondo, baina eguerditik gurekin giroan sartzen badira askoz hobeto pasako dute. Larunbata da eta egun polita pasako dugu.
Bederatzietan bukatuko da?
Ez dut uste, ez dut uste. Normalean luzatzen da.
Eta igandean berriro arraunlariei harrera?
Ba igual bai. Euskadiko Txapelketa eta Espainiakoa daude asteburuan.
Ez dakienarentzat, arraunlariek lortutako banderak paseatzen dituztenean Abiyuan joaten da haien aurretik jotzen. Aurten dagoeneko hiru aldiz atera zarete.
Txarangako guztiak oso arraun zaleak gara eta guri ere ilusioa egiten digu. Badakigu bandera irabazten dutenean harreran arraunlarien aurretik txaranga joango dela, eta horrek gu ere pozten gaitu, gure lana hartzen dugu, baina polita da. Aurten lanean nago eta lehen aldia izan da errezibimenduak kanpotik ikusten ditudala. Pasatzen direnean [San Pedro kalean dabil lanean, Txantxangorri tabernan] ateratzen naiz eta berriro lanera sartu.
Eta jaietan, aurten bai? Iaz ez zinetelako herriko jaietan atera…
Ez dakigu. Guk urteko txostena udalean utzi dugu, beraiek badakite zenbat laguntzen duten. Guk ez dugu laguntzarik eduki hau muntatzeko. Eta iaz ere ez eta Facebook bidez hala adierazi genuen. Egia da ez garela elkarte bat, ez dugula CIF bat, baina bandarekin harremana duen taldea gara eta behar izanez gero izango genuke aukera hori diru laguntzak eskatzeko. Agian guk gauzak berandu egin ditugu, baina udaletik ez da interesik egon. Laguntzeko prest daudela esan digute, baina dossierra prestatu, aurrekontuarekin eta ekintza batzuekin, eta beren erantzuna bada ‘esan zer behar duzuen’… Ba esaten dizut zer behar dugun, aurrekontu bat bidali dugu eta diru laguntza behar dugu, beste edozeinek bezala.
Inauterietan jotzen dugu eta udalak asko laguntzen du, herrian jotzen dugulako, bazkari herrikoian, igandean… Eta bat-batean joan den urtean jaietan ez genuen jo, gure 10. urteurrena zen eta lehen aldia jaietan jotzen ez genuena, ez ziguten laguntzarik eman. Pena hori dut. Aurten ez dakit joko dugun, guk nahi dugu, gure herriko jaiak dira, baina oraindik ez dakigu.
Txaranga Hartu-emana. Egitaraua