Behobiako jaien hasieran, Faisanen Uharteko jaialdia ikusgai
Behobiako bizilagunek auzoko jaiak ospatuko dituzte gaurtik igandera bitartean. Hamaika ekitaldi antolatu dituzte horretarako Behobia Auzo Elkarteak eta Eraiki Dantza Taldeak. Gaurkoan nabarmenena, Faisanen Uharteko jaialdiaren XXXI. ekitaldia, 22:30ean abiatuta.
Horren aurretik hala ere, jaien hasiera ofiziala burutuko dute auzokideek. Hala, XXVI. Hirukoen Nazioarteko Lehiaketarekin irekiko dituzte aurtengo jaiak, 18:30ean. Horren ondotik, txupina jaurtiko dute 18:55ean eta haurren danborradak auzoko kaleak girotzeari ekingo dio momentu horretatik aurrera. Erraldoiek, buruhandiek, dultzaineroek eta soinujoleek haurrak lagunduko dituzte desfilean. Era berean, Irun Hiria Bandak kontzertua emango du 20:30ean.
Eguneko hitzordu nagusia hala ere Faisanen Uhartean finkatu dute Eraikik eta auzoko jai batzordeak. Horiek horrela, Aragoiko Xinglar folklore taldearen emanaldia protagonista nagusia izango da aurtengo jaialdian. Jota eta dantza tradizionalekin osatutako saioa ikusgai izango da Faisanen Uhartean. Horren ondotik Pirotecnia Zaragozana taldeak su artifizialak jaurtitzeko ardura izango du.
Egunari bukaera emateko, Tsunami orkestraren emanaldia ikusteko aukera izango da, 00:00etatik aurrera.