Juanma Garate Zikloturista Martxa egingo dute igandean. Larunbatean Donostiako klasikak tarteko helmuga Colon pasealekuan izango du. Egitarau zabala prestatu dute bi egunetarako.
Garagarza, Alegre eta Garate, asteburuko ekitaldien aurkezpenean
Juanma Garate Zikloturista Martxa egingo dute igandean. Irungo Txirrindularitza Elkarteak (ITE) antolatzen du urtero eta herriko txirrindulari handiari omentzeko balio du. Martxa da, ez lasterketa, eta bizikletaz gozatzeko egun pasa bezala ulertzen dute antolatzaileek. Hori bai, berez ez da martxa erraza izaten eta aurten ibilbidea gogortu dutela azaldu zuen atzo Juanjo Garagarza ITEko presidenteak, Pedro Alegre Irungo Kirol zinegotziarekin eta Garaterekin egindako aurkezpenean.
Asteburuak irteera operazioarekin bat egiten du eta horrek baldintzatu du ibilbidea. Zaila da Gipuzkoan zehar ibiltzea, eta horregatik, “ibilbide ia osoa Nafarroan egingo dugu”, argitu zuen Garagarzak. Orotara, 156 kilometro osatu beharko dituzte, Bidasoa, Malerreka eta Oarsoaldea eskualdeak zeharkatuz. Bidean, Egozkue eta Belate mendateak igo eta jaitsi beharko dituzte, “eta aurten ezusteko bat egongo da, San Martzialera igotzen den hormigoizko pistatik desbideratuko baikara”.
Izena eman nahi duenak bi aukera ditu, Interneten biak: kirolprobak.com edo lajuanmagarate.com webguneetan. Federatuek 25 euro ordaindu behar dituzte eta federazioan izena emanda ez daudenek, 35 euro.
Urtero bezala, Juanma Garate izango da bere izena daraman martxako protagonista. Aurten, baina, lehen aldiz bizikleta gainera igo gabe geratu daiteke, joan den igandean istripua eduki zuelako eta ez delako erabat osatu. “Saiatzen ari naiz, baina ez dakit osatzeko aukera izango dudan”, azaldu zuen atzoko agerraldian. “Min handia ematen dit ez egoteak, beste urte batzuetan oso babestua sentitu naizelako martxan. Zikloturismoa maite dut eta egun hori dut zikloturistekin egoteko. Iaz oso berezia izan zen, aita hil zitzaidalako, eta egun horretan erakutsi zidaten maitasuna itzela izan zen”, onartu zuen txirrindulariak.
Bizikletara igotzeko moduan ez balitz, beste modu batera egongo dela ziurtatu zuen Garatek.
Ekitaldi osagarriak
Igandean egingo dute Juanma Garate Bizikleta Martxa, Donostiako Txirrindulari Klasika egingo den asteburu berean. Larunbatean ospatuko da klasika eta aurten lehen aldiz Irun erdialdetik pasako da, bitan gainera. Colon pasealekutik igaroko dira txirrindulariak; gutxi gorabehera 14:50ean lehen aldiz eta ordubete geroago bigarrenez. Tarteko helmuga jarriko dute Colonen eta lasterketa bertatik igaroko den bi aldietan banatuko dira puntuak.
Donostiako klasikari eta igandeko martxari lotuta, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte San Juan plazan, larunbat nahiz igandean, Kirol zinegotziak gaineratu zuenez: “Iaz bezala ideia ona iruditu zaigu asteburu berean kirol arloko hainbat ekintza bateratzea. Hiriko elkarte eta erakunde batzuek bat egin dute ekimenarekin eta egitaraua osatzen lagundu dute. Horri gehitu behar zaio larunbatean txirrindulari klasika egingo dela eta igandean Igande Sasoi itzuliko dela”. Besteak beste, cycling saioa, bakarrizketak, irristatze kirolak, eta abar izango dira, ikusteko eta disfrutatzeko.
Egitaraua
Abuztuak 2, larunbata
- 14:50 Donostiako klasikaren tarteko helmuga, Colon pasealekuan.
- 15:50 Donostiako klasikaren tarteko helmuga, Colon pasealekuan.
- 18:00etatik 22:00etara: enpresa laguntzaileen erakustokiak, San Juan plazan.
- 19:00etatik 21:00etara, cycling saioak, San Juanen.
- 21:15etik 22:15era, bakarrizketa Carlitosekin, plazan.
Abuztuak 3, igandea
- 07:30etik 15:30era, enpresa laguntzaileen erakustokiak, San Juan plazan.
- 08:00etan, Juanma Garate Zikloturista Martxaren abiatzea, San Juan plazan.
- 11:00etatik 14:00etara, Igande Sasoi, Colon pasealekuan eta San Juan plazan: bizikletentzako zirkuitua, patinak, scootak, poneyak, paddel, kirol egokitua… Trafikoa moztuko dute.
- 12:30etik 15:30era, Juanma Garate Zikloturista Martxako parte hartzaileak iritsiko dira.