1914. urtera bidaia egingo du Aduana kaleak
Luis Marianoren bizitzaren berregite historikoaren harira, 1914. urtera bidaia egingo du Aduana kaleak abuztuaren 8an. Izan ere, kale horren 3. zenbakian jaio zen Luis Mariano 1914. urtean, eta abuztuaren 8an jaiotzaren mendeurrena betetzen dela eta, ekitaldi berezia antolatu du Irungo Udalak Mertxe Trantxe historiagilearekin eta Ana Perez antzerki zuzendariarekin.
Ildo horretan, antzezle ugarik parte hartuko du berregitearen lehen zatian. 20:00etan ekingo diote emanaldiari eta ondorioz, Aduana kaleko trafikoa moztu egingo dutela jakitera eman dute tokiko gobernutik.
Bigarren zatiari dagokionez, Zabaltza plazan garatuko dela adierazi du Belen Sierra Kultur delegatuak. Irun Hiria Musika Bandak, udal agintariak eta oro har, parte hartu nahi duen edozeinek Colon pasealekuan izango diren animazioen bitartez Aduana kalearen eta Zabaltza plazaren arteko ibilbidea lotuko dute. Behin Zabaltza plazan, jai giroa nagusituko da 22:30ak arte.
Bukatzeko, El cantor de Mexico filma emango dute Junkal plazatxoan, 23:00etan abiatuta.