Irungo Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Palestinaren aurkako erasoak “berehala amai daitezen” exijitzeko adierazpen instituzionala aho batez onartu eta argitara eman du gaur eguerdian. Horren arabera, “hiru gazte israeldarren desagerpen eta heriotza tragikoaren ondotik, palestinar biztanleriaren kontrako zigor kolektibo bat ari da burutzen Israelgo gobernua. Horren ondorioz mila lagun baino gehiago hil dira, gehienak zibilak, eta beste milaka zauritu dira”.
Israelek aurrera eramandako Palestinaren aurkako erasoa “proportzionaltasun zuhurtzia, eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak urratzen ditu, eta nazioarteko legediak dioen moduan guztiz arbuiatu behar da”, gaineratzen du adierazpenak. Zentzu horretan, udalak “bortizkeria jarduera hau gelditzeko urgentziazko deia egiten du”.
Hala, “indar palestinarrek sustatutako Batasun Nazionaleko gobernua mehatxu gisa ulertu beharrean, aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa ulertu behar da”, dio adierazpenak, “Palestinako herriaren ahots bateratuak edozein irtenbide errazten duelako”.
Guzti honengatik operazio militarrari bukaera ematea eta su eten orokorra indarrean jartzea exijitzeaz gain, Gazak pairatutako blokeoa eta bertako biztanleek sufritutako zigorrak bertan behera uztea, nazioarteko erakundeen esku hartzea, eta elkarrizketa eta negoziazioak abiatzea Estatu Palestinarraren sorrera ahalbidetzeko eskakizuna luzatu du Irungo Udalak.
Gaza Adierazpen Instituzionala (elebitan)