Uztaileko Udalbatzak III. Berdintasun Plana onartzea aurreikusi du PSEren Udal Gobernuak. "Mutilatutako" plana da EH Bilduren Oinatz Mitxelena bozeramailearentzat jai parekideak kanpoan uzten dituelako. Hori dela eta, aurkako jarrera agerian utziko dute hautetsi abertzaleek. Tokiko gobernuarentzat ordea, alardearen afera "gizarte gaia da, ez berdintasunekoa".
Alarde Parekidea Kale Nagusian
Maiatza geroztik Irungo Udalbatzak bihar egingo du uztailari dagokion osoko bilkura. Hamasei puntu jorratuko dira denera, eta horien artean hamabigarrena III. Berdintasun Planaren onarpena izango da. Horren harira, aurkako jarrera agerian utzi nahi izan dute beste behin EH Bilduko hautetsiek Oinatz Mitxelena bozeramailearen bidez: “Hilabete luzeetan zehar gure jarrera adierazi dugu. Gure ahotan egon dena izan da udal gobernu honek parte hartzearen erabilera interesatua egin duela”.
Alardearen afera da Irungo Udalak III. Berdintasun Planetik kanpo utzitakoa, gizarte arazo bat dela eta “ez berdintasunekoa” argudiatuta. Jai parekideen inguruan “udal gobernuak programa bat kentzen du eta hori izan da azken hilabete hauetan gure aldarria: ezin daitekeela parte hartzea interes politikoen arabera erabili”, adierazi du Mitxelenak.
Mitxelena gaurko prentsaurrekoan
Horrez gain, prozesua “denboran zehar luzatu” dela azaldu du bozeramaileak. “Azken hilabete honetan –uztailean– urgentziazko batzorde bat deitu da, eragileak oporretan egon daitezkeenean, egun gutxiko tartearekin” salatu du abertzaleak, “eta azkenean udal gobernuak badarama bere plana osoko bilkurara”.
Talde abertzalearen ustez “ez da prozesu parte hartzailean ateratako plana, udal gobernuak mutilatutako plan bat dela baizik. Bere interes politikoei erantzuten dien plana bat. Hori da gure ustetan salatu behar dena”. Hori dela eta, “biharko osoko bilkuran gure jarrera aurkakoa izango da, prozesu parte hartzaile baten ondorioz sortutako plan hori ez delako onartzera eramango, baizik eta, udal gobernuak zirriborro bat mutilatu du eta hori da guk bihar adieraziko dugun jarrera”, bukatu du Mitxelenak.
Txingudira espaloia
EH Bilduren eta EAJren udal taldeek mozio bat aurkeztuko dute elkarrekin, Urdanibia Berri eremutik, hipikara eta Txingudi ikastetxeraino espaloia egin eta argia egokitzeko helburuarekin. Ikastetxeko gurasoen elkarteak bultzatuta adostu dutela mozioa azaldu du Mitxelenak. Izan ere, PSEk aurkeztutako mozioa ospitaletik Txingudira doan bidean jarduteko arazo gehiago sorrarazten dituela uste du bozeramaileak Hondarribiari dagokion lursaila delako. Gainera, Urdanibia Berri eta inguruan bizi diren bizilagunak Puianaraino igotzea berriz Txingudira egiteko zentzugabekeria dela uste du talde abertzaleak.